Aroa Arrizubieta Arabako Bertsolari Txapelketako finalaurrekoan izango da
Oionen egin den saioan garaipena eskuratu ostean, finalaurrekoetarako bigarren txartela eskuratu du gasteiztarrak
A. Sarriegi
Donostia
Igandea, 4 otsaila 2024, 21:55
2024ko Arabako Bertsolari Txapelketa aurrera doa eta igande honetan jokatu da bigarren final laurdena Oionen. Lan denak bukatuta Aroa Arrizubieta gasteiztarra izan da punturik gehien metatu dituen bertsolaria eta beraz Dulantziko finalaurrekora zuzenean pasatuko da. Sei bertsolari aritu dira kantuan Oiongo saioan. Aipatu Arrizubietarekin batera, Aramaioko Manex Agirre eta Xabi Igoa, Oreitiako Rikardo Gonzalez de Durana, Mutrikuko Orlando Arreitunandia eta Gasteizko Maddi Agirre. Gai jartzaile lanetan Eli Plazaola aritu da.
2016, 2017 eta 2019an Arabako Eskolartekoa irabazi zuen Arrizubietak eta 2017an Euskal Herriko Eskolartekoa irabazten duen lehenengo arabarra izan zen. 2019an parte hartu zuen lehen aldiz Arabako Bertsolari Txapelketan eta urte hartan finalista izan zen.
261,5 puntu batuta eskuratu du lehen postua eta finalaurrekoetarako txartela gasteiztarrak. Atzetik Xabi Igoa eta Manex Agirre sailkatu dira 259,5 punturekin; laugarren Maddi Agirre izan da 241,5ekin, Rikardo Gonzalez de Durana bosgarren 234,5 punturekin, eta seigarren Orlando Arreitunandia 226 punturekin.
Hiru final laurden
Izarran jokatutako lehen final laurdenean Peru Abarrategi aramaioarrak eskuratu zuen garaipena eta bera ere finalaurrekoetan izango da. Hirugarren final laurdena Laudion izango da otsailaren 11n. Saio bakoitzeko irabazlea zuzenean sailkatuko da hurrengo fasera eta gainontzekoak hiru saioetan lortutako puntuazioare arabera. Finalerdiak bi izango dira, Aramaion eta Dulantzin jokatuko direnak, eta saio bakoitzeko irabazlea sailkatuko da zuzenean finalera; hurrengoak puntuazioaren hurrenkeran finaleko seikotea osatu arte. Finala martxoaren 16an jokatuko da Gasteizko Printzipal Antzokian. Aurtengoa edizio berezia izango du Arabako Bertsolari txapelketak, 40. urteurrena beteko baitu.