Aiztondoko zirtotsa ikertuko dute Pello Mari Otaño bekaren irabazleek
Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkarguneak aurkeztu du proiektua. Aiztondo bailaran izan den zirto tradizioa bildu eta ikertuko dute. Gainera, aplikazio didaktikoa proposatuko dute, bertako ikastetxeetan lantzeko
DV
Donostia
Osteguna, 2 uztaila 2020, 11:37
'Aiztondoren zirtotsa. Aiztondoko zirto tradizioa eta aplikazio didaktikoa' izeneko lanari eman diote aurtengo Pello Mari Otaño beka. Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkarguneak sinatu du proposamena; Beñat Iguaran Amondarain, Haritz Mujika Lasa, Imanol Artola Arretxe, Mikel Artola Izagirre, Oihana Iguaran Barandiaran eta Unai Mendizabal Jauregi kideek zehazki.
Epaimahaiak nabarmendu du ikerlan proposamenak «bete-betean» egiten duela bat bekaren helburuarekin. «Aiztondon zirtoak ahozko genero gisa izan duen tradizioa biltzea eta bere baitan esanguratsua izango den bilduma egitea» du helburu, eta «honela, orain arte sakabanatua eta itzalean agertu izan den genero honen balioa aldarrikatzen da, eta bere baitan ikergai esanguratsua izan daitekeela aitortu».
Bilduma egiteaz gain, eta «ahozko ohitura horren transmisioak kezkatuta dituenez», ondare hori ikasleek ezagutu eta balia dezaten aplikazio bat ere proposatuko dute egileek, hezkuntza arautuan zein bertso-eskolatan landu dadin.
Balorazio ona
3.000 euroko ordainsaria eskuratu du ikertzaile taldeak lana urtebeteko epean garatzeko. Udan Aiztondoko zirto tradizioa arakatzeko eta biltzeko lana egingo dute. Ondoren, zirtoa ikastetxetan ezagutzeko eta lantzeko proposamen didaktikoa diseinatuko dute; eta, segidan, proposamen didaktikoaren aplikazioa egingo da bailarako bertso-eskoletan. Guztia dokumentatuko da.
Mintzola Ahozko Lantegiak eta Kilometroek egin zuten deialdia, Amasa-Villabonako eta Zizurkilgo Zubimusu ikastolaren eta Zizurkilgo Hernandorena Kultur Elkartearen babesarekin. Helburua Aiztondo bailarako (Gipuzkoa) ahozko ondarearen bilketa, ikerketa eta haren dibulgazioa ziren.
Hala, antolatzaileek proiektu saridunaren oso balorazio ona egin dute: Aiztondoko ondarea biltzeaz eta ikertzeaz gainera, «egungo ahozko sormen eta komunikazio beharrak hezkuntzan lantzeko balioko du eta, proiektuak proposatzen duen aplikazio didaktikoaren bidez. Ikertzaileak ez ezik irakasleak izatea ere baloratu da, eta baita ikertzaile bakarra izan beharrean, taldea izatea ere».