Adin guztietako kulturzaleek bete egin dituzte Landako eta gainerako guneak
Hirurarren egunean gazteei zuzendutako egitasmo berezia garatuko da 'Gazte EztanDA!'-ren eskutik
m. imaz
Osteguna, 8 abendua 2022, 19:56
Euskal Herri osoko ikasleak protagonista izan ziren lehen egunaren ostean, adin guztietako bisitariak hurbildu dira Durangoko Azokara, kopuru handian hurbildu ere, bigarren egunean. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, ostegun euritsu eta ilun honetan «Landako gunea beteta izan dugu egun osoan zehar, Azokako 'betiko' argazkia berreskuratuta. Hainbat sortzaileren erakusmahaietan ilarak sortu dira euren azken lana erosi eta sinadurak lortzeko. Saguganbaran, Szenatokian eta Ahotsenean ere aforoa bete da ikuskizun eta aurkezpen batzuetan. Autobus-zerbitzua ere martxan jarri du gaur Azokak eta errefortzua jarri behar izan da eskariari erantzuteko». Oso egun jendetsua bizi izan du gaur Azokak, beraz.
Ostiral honetan kulturaren plazaren hirugarren egunera helduko da. Egun berezia izango da, lehenengo aldiz Azokak gazteentzako egitarau berezia antolatu duelako, 'Gazte EztanDA!' lelopean. Eguerdian gazte-bazkaria antolatuko da; hitzordua Landako plazan izango da (euria egitekotan aterpedun leku batean egingo da). 17:00etan euskal kulturarekin lotutako jinkana antolatu du EuskarAbentura ekimenak eta 19:00etan elektrotxarangen txanda izango da. Elektropottotte eta OstiKda taldeek Durangoko kaleak girotuko dituzte.
Gaurkoan Durangoko Azokak aurtengo sormen bekako irabazlea nor den iragarri badu -Jon Ander Urresti aktore bermeotarraren «Eucaliptus» lan eszenikoak lortu du 15.000 euroko diru-laguntza-, ostiral honetan iazko bekaren irabazleak egindako lana ezagutzeko ordua helduko da: Ibai Aizpurua irundarrak 'Barrak' sakelako telefonoentzako bideojokoa aurkeztuko du, 10:30ean Kabi@n. Goiz osoan zehar, gune horretan gamer gela egongo Game Erauntsia taldekoen eskutik, eta arratsaldean Rolariak taldekoak izango ditugu.
Gune denak jardun betean
Irudienean oso egun anitza izango da ostirala, askotariko ikus-entzunezkoak izango direlako: podkast bat, film laburrak, websailak, umeentzako zinema, dokumentala... Eguna 'Mari, ixilik nahi gaituztenean' film emanaldiarekin amaituko da, 18:30ean. Egunero bezala, Saguganbaran liburu-aurkezpen ugari izango ditugu, eta 13:00etan 'Paperezkoak, altxor bat hilero' egitasmoa aurkeztuko da.
Ahotsenea sosaldietan, Mikel Alvarez, Leire Milikua, Nerea Ibarzabal eta Andoni Urzelai izango ditugu, besteak beste. Plateruenako oholtzan, Kokein bezalako ibilbide luzeko taldeak banda hasiberriekin tartekatuko dira, Mirua, Lumi edo Ilargi kasu.
Szenatokiko antzerki-arinen maratoian hiru talde arituko dira: 'Amaya' (Amaia Lizarralde eta Olatz Lizarralde), 'Nire zigilua' (Alain Lersundi) eta 'Kilimaterioa' (Kaitin Allende, Oihane Perea, Iratxe Ibarra eta Irati Anda).
Bestalde, 18:00etan 'Itzulpena elkartasuna da' solasaldia antolatuko da Durangoko Museoan, Durangoko Azokan lehen aldiz parte hartzen duen Pol-len Edicions argitaletxearen eskutik. Bertan Euskal Herriko literatura, poesia, komikia eta saiakera katalanez aztertuko da.