Abenduaren 5etik 8ra izango da 2024ko Azoka
Antolakuntzak jada aurreratu ditu datak eta ohi baino egun bat gutxiago izango du euskal kulturaren plazak
Apenas igarota abenduaren 6tik 10era izan zen Azokaren ajea, antolakuntzak jada aurreratu ditu 2024ko edizioaren datak: abenduaren 5etik 8ra. Hala, 59. Durangoko Azokak egun bat gutxiago izango du, azken urteetan bezala igandean amaitzeko euskal kulturaren plaza.
2023ko egutegi bereziaren ostean, aurreikustekoa da ohi bezala datorren urtean Ikasle Goizarekin hastea Azoka. Izan ere, aurten abenduaren 6a hegoaldeko ikastetxeentzat jai eguna zenez ekimena abenduaren 7ra igaro zen hainbat gaztek Durangorekin duten lehen harreman hori eten ez zedin.
Edizio oso berezia izan da 57.a, hainbat idazle handi itzuli baitira Azokara liburua berriarekin, hainbat sorpresa izan dira, tartean berriki berreskuratu diren bi poesiekin osatutako Lizardiren obraren antologia eta omenaldietarako tartea ere izan da.
Langa altua du 58. edizioak. Gerediaga Elkartetik hainbatetan azpimarratu dute kultur sortzaileengandik gertu egon nahi dutela sektorearen erronkei erantzuteko gai den Azoka antolatzeko eta ziur buruan dituztela jorratzeko bide berriak. Tartean, belaunaldi gazteak parte sentiaraziz eta digitalizazioak sortutako atakei erantzun partekatu bat emanez.