2026an garatuko den Antzerkingintza Berriak-en oinarriak argitaratu dira
Hautatuek obra dramatiko bat garatu beharko dute bost hilabetean eta, hartarako, 3.300 euro jasoko dituzte
J. A.
Asteazkena, 1 urria 2025, 13:42
Dramaturgo berriei eta beste arte-arlo batzuetatik etorrita (literatura, zinema…) sorkuntza eszenikoan barrendu nahi dutenei antzerki-mundurako sarbidea errazteko asmoz, 2026an garatuko den Antzerkingintza Berriak-en oinarriak argitaratu dira. Ekimena Gasteizko Teatro Principal Antzokiak, Bilboko Arriaga Antzokiak eta Donostiako Victoria Eugenia Antzokiak sustatu dute eta urriaren 31n amaituko da izen-ematea.
Balioespen Batzordea parte hartzen duten hiru antzokien ordezkariek osatuko dute eta prozesuaren ostean hautaturiko pertsonek, gehienez ere zortzi, obra dramatiko bat garatu beharko dute bost hilabetean, arte eszenikoetako profesionalen gidaritzapean. Laborategi horiek 2026ko otsaila eta apirila bitartean egingo dira. Hautaturiko pertsonek 3.300 €-ko diru-laguntza bat izango dute, proiektuan jardutearen eta laborategietako dieten truke. Europar Batasuneko herrialdeetan bizi den edonork parte hartu ahal izango du.
Laborategiak egin eta gero, sortutako obra dramatikoen artetik bat, bi edo hiru hautatuko dira eszenaratzeko, parte hartzen duten hiru antzokiek ekoitzita. Batzordeak eskubidea du betiere deialdia osorik edo partez esleitu gabe uzteko, bai jasotako proposamenek ez dituztelako gutxieneko betekizunak betetzen, bai geroago, laborategia amaitu ondoren, Batzordeak proiektuen koprodukzioa eta ezenaratzea ezegokitzat jotzen badu.
Aurreko edizioetan hautaturiko proiektuak honakoak dira: 2015ean 'Coordenadas', 'Soka' eta 'Miss Karaoke'; 2016an 'Erlauntza' eta 'Galerna'; 2017an 'El patio de mi casa', 2019an 'La celda sin noche' eta 'Josen'; 2020an 'Solo Críos, Críos solos'; 2021ean '¿Quién nos disparó después del 22? ¿Y ahora?'; 2022an 'Rigor Mortis' eta 2023an 'Los días infinitos'.