Tindoufeko errefuxiatu-kanpamenduetako zortzi haurrek igaroko dute uda eskualdean
Darahli elkarteak haurren etorrera bideratu du; horietako bi Zumaian egongo dira abuztuaren bukaerara arte
SARA UTRERA
Asteartea, 26 uztaila 2022, 00:06
Iritsi dira Saharako haurrak Urola eskualdera. Darahli elkartearen eskutik eta Oporrak Bakean programari esker, Tindoufeko errefuxiatuen kanpalekuko zortzi haur iritsi ziren larunbatean.
«Goizean goiz heldu dira Bilboko Loiu aireportura. Handik Loiuko frontoira eraman dituzte, eta bertan gosaria eman ondoren arduradunek hartu eta harrera-familietan banatu dituzte. Dagoeneko euren udako etxeetan dira», azaldu dute Darahli elkartetik.
Zumaiako elkarteak zortzi umeen etorrera bideratu du, eta hauen banaketa horrela izan da: bat Azkoitiara joan da, hiru Azpeitiara, bi Zestoara eta beste bi Zumaira etorri dira uda igarotzera.
«Bero itogarritik salbu»
Eskualdean izango diren ume guztientzako lehen aldia izango da aurtengoa. Zortzi urte inguru dituzte denek eta abuztuaren bukaerara arte izango dira eskualdean. «Desertuaren erdian kokatuta dauden errefuxiatuen kanpamenduan dagoen bero itogarritik salbu egongo dira hilabetez, eta horrekin batera, medikuarenera joan eta elikadura osasuntsuaz gozatzeko aukera izango dute», gaineratu dute.