Borrar
Mendian Korrika sekzioak antolatutako irteera bateko talde-argazkia. INDAMENDI M.B.

Zumaia

Indamendik hilaren 14rako bi irteera antolatu ditu, bata oinez eta bestea korrika

Urteko lehen txangoa Gorostiaga izango da. Mendian Korrikako irteeran parte hartu nahi dutenek, aldiz, Zumaia- Elorriaga- Zumaia ibilbidea egingo dute

Astelehena, 8 urtarrila 2024

Comenta

Indamendi Mendi Bazkunak bi irteera desberdin antolatu ditu urtarrilaren 14rako, bata oinez eta bestea korrika. Oinez parte hartzea erabakitzen dutenek Gorostiagara joateko aukera izango dute. Urteko lehen irteera honetan Legazpi aldetik abiatuko dira eta txango polit bat egingo dute Satuiko mendilerroan barrena. Ibilbidea Gorostiaga, Jentiletxe, Oregi, Arranoaitz eta Arrola mendietako tontorretaraino igotzen da baso eta mendi artean. «Ibilbidean zehar Jentiletxe eta Arrolamendi I tumuluak (historiaurreko hilobiak) ikus daitezke. Satuiko mendiek Deba eta Urola ibaien arroak banatzen dituzte erdiko ibilguetan. Hegoalderantz, Oñatiko harana geratzen da eta Udana gainaren bidez Legazpirekin komunikatzen du, Aizkorriko mendigunearekin lotuz. Iparraldean, berriz, Antzuolako harana zabaltzen da, Zumarragarekin komunikatuta, mendi horiek Irukurutzeta mendigunearekin lotzen dituen Deskarga mendatearen bidez. Gorostiaga mendia da gailurra (951 m.)», azaldu dute Indamenditik. «Gurutze handia da Gorostiaga mendiaren ikurra, nahiz eta orain aldameneko antena handiagoa izan. Horiez gain bada aterpe txiki bat tontorrean bertan, eta estalitako aldare bat, gurutzeari begira. Pinu sail handiak ditu isurialde gehienetan, baina pagoa da nagusi oraindik tontorraren inguruetan», gaineratu dute.

Goiz buelta honek 10 kilometro eta 698 metroko desnibela ditu guztira. Irteera egin nahi dutenek ostiral eguerdia baino lehen eman beharko dute izena, goiko estankoan (943 86 03 57) edo elkartearen webgunean (www.indamendimb.eus). Autobusa 07:30ean aterako da Patxita Etxezarretako geltokitik (Kantauriko geltokitik). Helduentzako prezioa zazpi eurokoa da, eta haurrentzako prezioa, aldiz, bost eurokoa. «Gogoratu, Indamendik antolatzen dituen irteeratara edonor joan daitekeela, bazkide izan edo ez izan», gogoratu dute.

Mendian Korrika, 14an ere

Bestalde, Indamendi Mendian Korrika sekziotik iganderako aukeratu den ibilbidea honakoa da: Zumaia-Elorriaga-Zumaia. Indamendi Mendian Korrika-k 2024an maila ezberdinetako irteerak antolatuko ditu, eta urtarrilaren 14an egingo den lehen irteera oinarrizko mailakoa izango da.

Iaz sortu zen Indamendi Mendian Korrika sekzioa mendian korrika aritzen diren pertsonak elkartzeko asmoarekin. 2024ko erronka «taldea handitzen eta sendotzen joatea» da. Horretarako, maila ezberdinetako irteerak antolatuko ditu. Zehazki bi mailatan banatuko dira: bata oinarrizko maila eta bestea erdi maila. Hala, urtarrilaren 14an egingo den urteko lehen irteera oinarrizko mailakoa izango da.

«Oinarrizko maila, batez ere, mendian korrika egiten hasi nahi dutenei, tarteka ibiltzen direnei edota konfiantza hartu nahi dutenei zuzenduta dago. Aldiz, erdi-mailakoa mendian korrika maiz aritzen diren pertsonei zuzenduta dago», azaldu dute Indamenditik. Oinarrizko mailako irteerak 10 kilometroren bueltakoak eta zailtasun txikikoak» izango dira, eta erdi-mailakoak, aldiz, «luzeagoak, 20 kilometro ingurukoak eta zailtasun eta desnibel handiagokoak». Indamendi Mendian Korrikako asmoen eta irteera hauen berri Indamendiko webgunean daude ikusgai.

Urteko lehen irteera honen helburu nagusia «mendian eta taldean korrika egin nahi duten pertsonak elkartzea eta dudan dauden pertsonak pausua ematera animatzea da, norberaren erronkei aurre egiten laguntzen baitu taldean kirola egiteak», nabarmendu dute elkartetik.

Mendian Korrikako irteeran parte hartu nahi dutenek Gernika parkeko zubira joan beharko dute igandean, hilak 14, goizeko 08:00etan. Ibilaldia Zumaia- Elorriaga auzoa- Zumaia izango da (10 km. eta 300 m.). «Indamendik antolatzen dituen irteeratara edonor joan daiteke, bazkide izan edo ez izan», gogoratu dute hitzorduaren antolatzaileek.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Indamendik hilaren 14rako bi irteera antolatu ditu, bata oinez eta bestea korrika

Indamendik hilaren 14rako bi irteera antolatu ditu, bata oinez eta bestea korrika