Zumaia
Garaipena oso gertu izan du Aratza Unanuek AndosillanHilabete eskas falta da junior mailako txirrindularitza denboraldia amaitzeko. Oraindik ere Viveros San Anton-Exclusivas Mardu-Gorka Aseguruak taldeko txirrindulariek badituzte arrazoiak fundamentuz lanean segi eta helburuak betetzeko, joan den larunbatean Aratz Unanuek Andosillan erakutsi zuen bezala.
90 kilometroko lasterketa gogorra Andosillakoa, beroak baldintzatu zuena. Hala ere, lasterketa erabakiko zuen ihesaldia 20. kilometroan antolatu zen, «eta hortxe erne-erne zen Iraetako ziklista. Lau txirrindulari onek osatu zuten ihesaldia eta berehala tartea ireki zuten; lau iheskideek, gainera, taldekideak zituzten pelotoian egoera kontrolatzeko. Beraz, Aratz Unanuek hartutako erabakia ona zen», azaldu du Zumaiako Txirrindulari elkarteko kide Arritxu Iribarrek.
Lau iheslarietatik maldan gora indartsuena Unanue zen; «maldan behera, aldiz, bere gorpuzkerarekin bazuen desabantaila, eta horixe izan zen podiumetik kanpo utzi zuena». Laugarren sailkatu zen. «Bere gaitasunekin saiatu zen behin eta berriz etekina ateratzen, baina ez zituen iheskideak atzeratu eta helmugan, joera beherantz izanda, eta indarrak aurretik agortuta, laugarren sailkatu zen Aratz Unanue, lasterketa on bat egin ostean», azaldu du. 13 segundora helmugaratu zen Unanue eta minutu batera, 14. tokian, Beñat Sainz; taldeko hirugarrena Lukas Blanco izan zen 20. tokian, lau minutura. 76 txirrindulari izan ziren irteeran eta horietatik helmugara 35 bakarrik heldu ziren.
Gaur Villatuertan eta bihar Lizarran izango dituzte lasterketak jubenilek, eta hauek izango dira Aratz Unanue eta Beñat Sainzentzat azken lasterketak, Gipuzkoako selekzioarekin Ribera de Dueroko Itzulian parte hartu aurretik.
Kadeteek Lizarran izan zuten lasterketa, Grozin eta Muru mendateekin 55 kilometroko ibilbidean. «Lasterketa gogorra izan zen, baina lehen urtekoa izan arren, Borja Osak ondo erantzun zuen eta 13. sailkatu zen». Aitor Mata txirrindulari nafarra bakarrik ailegatu zen eta ondoren, minutu eta erdira, 24 txirrindulari; hortxe helmugaratu zen Borja Osa. Hiru minutu eta erdira heldu ziren, euren artean esprintatuz, Amets Aberdi eta Xuban Arakistain, 40 eta 41. postuetan. Eta ia sei minutura zeharkatu zuen helmuga Unai Egañak, 65. tokian. 98 txirrindulari elkartu ziren irteeran eta helmugra 76 ailegatu ziren. Asteburu honetan Mungian izango dute kadeteek lasterketa.