Txupinazo jendetsua jaien hasieran
Gaur Amabirjina eguna izanik, herriko bandaren kalejira eta zezenketa izango dira besteak beste
AINARA MARTÍN
Osteguna, 8 iraila 2022, 00:10
Jai giroan erabat murgildu zen atzokoan Zestoa. Itxaropena dantza taldekoek botatako txupinazoak eman zion hasiera festari eta ospakizunak igandera arte luzatuko dira herrian. Gaur, Amabirjina eguna izanik, hamaika ekintza eta ikuskizunez gozatzeko aukera izango da. Goizen zehar kalejira, herriko bandaren kontzertua, etab. Arratsaldean berriz, lehenengo zezenketa, 'Gurea kultura', Txan magoa eta afizionatuen pilota partidak. Azkenik, gauean Rudeska, Nikotina eta Dj Bull.
Zekorketak gaur eta bihar
Aurten ere Adolfo Rodríguez Montesinos ganadutegikoak izango dira bi zekorketetan toreatuko dituzten lau zezenak. Urte asko dira Oropesa (Toledotik) zezenak Zestoara ekartzen dituztela eta ganadutegiko 'mayorala' den Oscar Zapardielek itxura oneko zezentzat jotzen ditu Zestoara etorriko direnak, «Bi urte dituzte lau zezenek. Kasta handiko zezenak dira plazara aterako direnak, beraien jatorria nabari zaie. Guztien amak onak dira eta baita beraiekin nahastutako zezenak ere. Oso ondo eginak daude, zezen politak dira. Suharrak izatea espero dugu». Zezenetatik hiru, ganadutegiaren hain bereizgarri den 'cárdeno' kolorekoak dira eta laugarren bat, beltza; guztiak ere azpizuriak. 'Candilejo 23º', 'Relojero 28º', 'Navarrito 38º' eta 'Pirujo 39º' dituzte izenak.
Zapardielen arabera eta dena ondo bidean maila emango dute, «ustez guztiak onak badira ere, 23 eta 38 zenbakiak dira bereziki gustatzen zaizkidanak. Batez ere 38a. Baina, gero inoiz ez da jakiten zer gertatuko den. Zestoako herriak gugan jartzen duen konfiantzaren mailan egotea espero dugu. Beste behin ere eskerrak ematea dagokigu urteetan zehar emandako konfiantza eta aukera guztiengatik». Gaur izango da lehenengo zekorketa eta Alejandro Chicharro Barquerc izango da toreatzailea. Ordezkoa, Jesus Ignacio Mainez Lozano. Bihar, berriz, José Adrián Centenera Pérez aterako da plazara. Ordezkoa, Juan Barranco Blas.