Zarautz
XLIX. Lizardi Sariaren kanporaketak ostegunean eta ostiralean lehiatuko diraSanta Klara komentuan hamasei bertsolari gazte bi egunetan arituko dira eta sei onenak irailaren 5ean Modelo Aretoko finalean izango dira
Aurten ere, Euskal Asteko egitarauaren baitan, Bertsolari Gazteen Lizardi Saria lehiatuko da bere XLIX. edizioan. Final handia irailean izango da baina aurrez edizio honen kanporaketak datorren ostegunean eta ostiralean, abuztuaren 28an eta 29an, lehiatuko dira Santa Klara komentuan.
Osteguneko kanporaketan honako bertsolariak izango dira: Maddi Agirre (Gasteiz), Amets Aizpurua (Getaria), Elixabet Etxandi (Izpura), Uxue Alkorta (Zarautz), Iker Ormazabal 'Tturko' (Hernani), Beñat Astiz (Barañain), Danel Herrarte (Aramaio) eta Malen Altzuart (Erratzu).
Ostiralean lehiatuko direnak, aldiz, honakoak izango dira: Aimar Sorazu (Zarautz), Irati Alcantarilla (Urruña), Irune Basagoiti (Ermua), Igauri Lopetegi (Irun), Eli Zaldua (Gasteiz), Janire Arrizabalaga (Gernika-Lumo), Joanes Azpillaga (Azpeitia) eta Oibar Olano (Asteasu).
Beraz, herritar ordezkaritza izango dugu aurtengo kanporaketetan, ostegunean Uxue Alkorta izango da oholtza gainean eta ostiralean berriz, Aimar Sorazu. Zorte on opa diegu noski gure herrikideei ea biak final handian ikusten ditugun.
Bi kanporaketak Santa Klara komentuan ospatuko dira ordu berean hasita, 22:00etan, eta sarrera doakoa izango da bi kasuetan. Finala, aldiz, Modelo Aretoan lehiatuko da irailaren 5ean, ostiralean, Euskal Astean erabat murgilduta, eta 22:00etan ekingo zaio.
Finalerako gonbidapenak egunean bertan banatuko dira, Modelo Aretoko txarteldegian, gaueko 21:00etatik aurrera.
Joan den urteko Bertsolari Gazteen Lizardi Sarian Aitor Tatiegi oñatiarra nabarmendu zen, bereak izan baitziren lehian zeuden bi sariak.