Zarautz
Euskal Astea abian da eta Euskal Jaiarekin bukatuko da irailak 9anBertsolari Gazteen kanporaketak zabaldu dute Euskal Astea eta datozen egunetan egunero izango da zerbait Euskal Jaia heldu biotartean
Aste honetan aurkeztu da aurtengo Euskal Astearen egitaraua. Joan den urteko edizioan mendeurrena ospatu ondoren, aurtengoan, Zarauzko Udalak egitarau borobila eskaintzen die zarauztarrei, urtez-urte gauzatzen diren ekitaldiekin, mendeurrenerako martxan jarri eta aurten errepikatuko diren egitasmoekin eta egitarauan lehen aldiz gehitzen diren ekimenekin.
Dagoeneko abian da Euskal Astea, zeren ostegun eta ostiral gauetan, Santa Klaran ospatu dira Bertsolari Gazteen XLIX. Lizardi Sariaren kanporaketa saioak. Behin hauek gauzatuta, finala datorren ostiralean, irailaren 5ean, ospatuko da Modelo Aretoan.
Joan den urtean arrakasta handia izan zuen ekimenen artean, aurten ere fandango eta arin-arin ikastaroak bere lekua izango du Euskal Jaietan, Frontoi Txikin egingo diren 5 saioekin. Bertan, Jon Alkain eta Alaitz Garciak, Zarautz TRIKek lagunduta, euskal dantzen munduan lehen pausuak ematen lagunduko digute.
Bihartik aurrera egunero zerbait topatuko dute Euskal Astearen egitarauaren barne herritar eta bisitariak
Aurtengo berritasunen artean, Lege Zaharren enparantzan, Euskal Asteko Trikitixa jaialdia ospatuko da. Irailaren 3an, asteazkenean, 19:00etatik aurrera, herriko adin guztietako trikitixa ikasle zein punta-puntako trikitilariez gozatzeko aukera izango da.
Euskal Jai Eguna
Euskal Astearen barne, egun handiena Euskal Jai eguna izango da eta beti bezala, egun horretan amaiera emango zaio Euskal Asteari. Irailaren 9an, asteartean, goizetik gauraino, atsedenik izango ez duen festa eguna izango dugu, antzerkiz, musikaz eta dantzaz beterik.
Xabier Txurruka alkateak aurkezpenean adierazi duen moduan, «joan den urteko mendeurrenaren ondoren, ohiko ospakizunetara itzuliko gara aurten, baina aurreko 100 edizioetan bezain ondo pasatzeko aukerarik ez da faltako Euskal Jaietan, betiere, giro jator eta alaian, euskalzaletasunaren eta zarauztartasunaren sugarra bizirik mantenduz».
Hauek dira, Zarauzko Udalarekin batera, Euskal Jaietako egitaraua osatzen parte hartu duten elkarteak: AEK, Alproja Taldea, Euskal Herrian Euskaraz, Goiztarrak, Zarautz TRIK, Imanol Urbieta Musika Eskola, Jalgi Dantza Taldea, Montetxio Abesbatza, Motxian-Etxebeltz Bertso Eskola, 'Arrain Zopa' Taldea, Nahiko Larri Trikitilariak, Goizeko Ihintza Txistulari Taldea, Zarautz Abesbatza, Schola Cantorum, Txipirin Abesbatza eta Udaberri Abesbatza.