Zarautz
Bilboko uretan, Aste Nagusiaren barne, ETE Liga irabazi nahi dute neskekBi Enbata ontziek Bizkaiko hiriburuan lehiatuko dute gaur eta mutilek bihar Castron itxiko dute liga
Uda ederra eskaintzen ari dira Zarautz Arraun Elkarteko bi traineruak. Tamalez asteburu honetan bi Enbatak, neskena zein mutilena, amaiera emango diote orain arte hain bikain lehiatu dituzten konpetizioei.
Juanjo Etxarteren neskak izango dira lehenak agur esaten ETE Ligari. Gaur Bilboko Aste Nagusiaren barne lehiatuko dute arratsaldeko 16:00etatik aurrera azken estropada.
Emakumeen Bilboko X Ikurriña, Ane Aizpururen V Oroimena izena daraman saioa, erlojupekoa izango da eta Zarautz Gesalaga Okelan ontzia azken tokian aterako da. Abantaila izan daiteke hori, beste guztien erreferentziak izango dituzte-eta, baina azken finean, duten guztia emango dutela zihur gaude eta horrekin sailkapeneko lehen postuetan kokatuko direla aurreratu dezakegu.
Polita litzateke Bilboko Ikurriña eskuratu eta bide batez, ETE Ligakoa ere etxera ekartzea. Garaipena lortzen badute, Liga eurena izango da baina bestela ere aukera handiak dituzte ETE Ligan nagusitzeko. Txanda bakar batean aterako dira traineruak, eta urdinek irteera zerrenda itxiko dute beraz aurreratu bezala, azkenak izango dira estatxa utzi eta lehiari ekiten.
Une hauetan, eta Ligari begira, lehen postuan daude 118 punturekin. Bigarren tokian dagoen San Juan izan daiteke ontzi bakarra ETE Liga zarauztarrei kendu diezaiokeena. Horretarako batelerek une hauetan bi taldeen artean dagoen bi puntuko aldea gainditu beharko lukete (116 dituzte).
Bi hauen artean dago beraz lehia, baina abantaila politarekin aterako dira Zarautz Gesalaga Okelan traineruko arraunlariak. Gauzak bere onean joaten badira eta azken boladan ikusitakoaren arabera, garaipena zarauztarrena izango da. Gero etorriko da denboraldiko beste erronka nagusia, Kontxako Banderaren sailkapen estropadan zazpi lehenetan kokatzea, baina horretaz hitz egiteko izango da denbora noski.
Mutilak bi estropada
Asier Puertasen mutilek gaur behar zuten amaitu KAE-1 Liga, eta neskek bezala, BIlbon gainera. Baina ez da horrela izango. Aurreko asteburuan Castron egin beharreko estropada bertan behera geratu zen bero handia iragarrita zegoelako eta aukera zegoenez igande honetara pasatzeko eta berarekin ligari amaiera emateko, horrela onartu zuten. Beraz, bihar bertara joango dira lehiatzera.
Gaur nesken estropada amaituta ureratuko dira gure mutilak. Azken bi saiok dituzte eta denboraldiko une batzutan erakutsi duten mailara hurbiltzen saiatuko dira. Joan den larunbatean laugarren bukatu arren azken luze bikaina egin zuten, indarra badagoela erakutsiz eta horri jarraipena ematen saitu behar dute gaur. Erlojupekoa bi txandetan banatuta egingo da eta Enbatak Arkote eta Santurtzi aurretik ekingo dio lanari.