Udal dirulaguntza lerroak onartu dira urtarrileko plenoan
JOSU ARANBERRI
USURBIL.
Igandea, 30 urtarrila 2022, 00:43
Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren 2022ko eranskinak onartuta, udalak aurten banatuko dituen dirulaguntzak onartu zituen pasa den ostegunean ospatu zen urtarrileko osoko bilkuran, aho batez. Izan ere, dirulaguntzen deialdia egin ahal izateko beharrezkoa da, aurrez, osoko bilkurak berrestea. Iaz kaleratutako dirulaguntza lerroez gain, beste bi ere eskainiko dituzte aurten: herriko kultur sortzaileei bideratutakoa eta gizarte bazterketa egoeran edo arriskuan dauden herritarrei zuzendutakoa. Aurreikuspenen arabera, beraz, otsailaren amaiera aldera irekiko da norgehiagokakoak diren laguntzak eskatzeko epea.
Kultur sormena bultzatzeko dirulaguntzari dagokionez, izatez, iaz eskaintzekoa zen udala, baina zenbait arazo tarteko, ezin izan zuen egin. Aurten, ordea, bai: 30.000 euro zuzenduko dizkio Usurbilgo kultur esparruan eragin nahi duen orori.
Horrez gain, gizarte bazterketa egoeran edo arriskuan dauden herritarrei zuzendutako beste lerro bat abiatuko du udalak: 10.000 euroko lerroa izango da, baliabide nahikorik izan ez eta bestelako dirulaguntzak eskuratu ezin dituzten herritarren oinarrizko beharrak asetzeko. Jasotako eskaerek kopuru hori gainditzen badute, partida handituko dutela nabarmendu zuen Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak osoko bilkuran.
Gizarte Larrialdietarako Laguntzak jasotzeko herrian gutxienez 6 hilabetez erroldatuta egon behar da, eta baldintza horretatik kanpo gelditzen direnei bideratuko zaie lerro hori. «Ez da gizarte talde handi bat, baina gutxieneko estaldura soziala izan dezaten bermatu nahi dugu: pandemia hasi zenetik esan dugu gizarte babesa blindatzea dela gure apustua, eta hobarien aukerak zabaltzeaz gain, gizarte babesa blindatu eta herritarren aukera berdintasuna bermatze aldera jarriko dugu martxan lerro berri hau».