Etxealdiako auzotarrekin bilduko dira udal ordezkariak asteazkenean
JOSU ARANBERRI
usurbil.
Osteguna, 13 urtarrila 2022, 00:09
Udalak Etxealdiako beharrak ezagutzeko deialdia egin du: datorren astean, asteazkenean, urtarrilaren 19an izango da. Udal ordezkariek eta auzotarrek auzoa bisitatuko dute egun horretan, behar horiek auzotarrengandik zuzenean jaso ahal izateko. Haur parkean egin dute hitzordua arratsaldeko 18:30ean.
Azaroan, 2022ko aurrekontuak auzoz auzo aurkezteko bileran, Etxealdiako bizilagunek auzoari lotutako kezkak eta ekarpenak helarazi zizkieten bertaratutako udal ordezkariei. Bilera hartan, udal-gobernuak konpromisoa hartu zuen, batetik, udaberrian parte-hartze prozesu xume bat egiteko auzotarrekin, eta, bestetik, San Esteban kalea irisgarri izateko eta oinezkoen segurtasuna lehenesteko proiektu bat idazteko.
Oraingoz, udalak 15.000 euroko partida du gordea auzotarrek lehenesten duten inbertsioa burutzeko. Besteak beste auzo lokala txukuntzeko edo jolas parkea berritzea aurreikusten dira diru horrekin.