Orio
Herriko katuei buruzko bilera irekia astearte honetanUdalak egiten duen kudeaketaren berri emango du Salatxo aretoan
Orain bi urte, 2023an, Animalien Eskubideak eta Ongizatea Babesteko lege berria sartu zen indarrean. Araudi horrek finkatzen ditu katu-jabeen eta Udalaren ardurapean dauden katu-kolonien kudeaketaren ardurak eta irizpideak. Horri lotuta, Orioko Udalak onartu berri du Katu-kolonien kudeaketa etikorako programa, eta horren berri emango die herritarrei, astearte honetan egingo den bilera irekiaren bidez. Katu-jabeei eta katuzaleei zuzendutako bilera izango da, eta 19:00etan egingo da, Salatxo aretoan.
Legearen arabera, Udalarena da herriko katu-koloniak kudeatzeko ardura, HEMI metodoa aplikatuz (harrapatu, antzutu, markatu eta itzuli). Horretarako, animaliak zaintzeaz, identifikatzeaz, markatzeaz eta erroldatzeaz arduratzen diren pertsona eta elkarteekin lankidetzan ariko da.
Orioren kasuan, Udalak urteak daramatza HEMI metodoa aplikatzen herritar boluntarioen bidez. Aurten, gainera, kudeaketa zuzenagoa egiten hasi da, eta zuzenean bere gain hartu ditu katuen elikadurari, osasunari, bizitokiari eta bestelako baliabideei lotutako gastuak. Elkarteetako kideak eta boluntarioak, aldiz, eguneroko zaintzaz arduratzen dira: katuak elikatzeaz, etxolen kokalekuak proposatzeaz eta horiek gainbegiratzeaz, gaixo dauden edo behar bereziak dituzten katuak identifikatzeaz...
Udalak kudeaketa-lan horren berri eman nahi die herritarrei, funtzionamendua zein den jakin dezaten, eta zalantzak argitzeko. Udaleko ordezkariek, hain zuzen, herriko egoeraren berri emango dute: zenbat katu-kolonia dauden Orion, nola zaintzen diren, Udalaren ardurak nola kudeatzen diren... Eta Gema Algora Aizpurua ingeniari agronomoak informazio praktikoa emango du jarraian: oro har, katuen egoera zein den eta jarraitu beharreko irizpideak zein diren, HEMI metodoa, katuak nola elikatu...
Gai honetan interesa duten herritarrei dei egiten die Udalak astearte honetan Salatxon egingo den bilera irekian parte hartu dezaten.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.