Jai giroa nagusi kaleetan, Santixabelen hasieran

Dantza protagonista izan zen lehen egunean; Orbeldi dantza taldekoak arduratu ziren horretaz, bai txupinazoan baita geroko emanaldian ere. / ARGAZKIAK ARANBERRI
Dantza protagonista izan zen lehen egunean; Orbeldi dantza taldekoak arduratu ziren horretaz, bai txupinazoan baita geroko emanaldian ere. / ARGAZKIAK ARANBERRI

Gaur Umeen Eguna izango da eta ekintza ugari izango dituzte

JOSU ARANBERRI USURBIL.

Hasi dira Santixabel jaiak. Beste behin ere giro onean joan zen festei hasiera ofiziala eman zien ekitaldia eta herriko hainbat eta hainbat ekimenetan gaztainak erre eta banatzen ikusi izan ditugun herritarrak izan ziren txupinazoa bota eta ikurrina igotzeko ohorea izan zutenak. Dantza giroan, txaranga doinuekin... giro polita izan zen bertan.

Goizean goiz nabaritu zuten herritarrek festen hasiera gainean genuela. Goizeko 6:00etan bildu ziren oilasko biltzaileak frontoi inguruan eta hortik aurrera suzirien hotsak ez zuen etenik izan. Aurtengoan ere gazte ugari izan ziren ekimen honetan eta guztiak txoznagunean bildu ziren bazkaltzera arratsaldeko 15.00ak aldera.

Bien bitartean, frontoian, haur eta gaztetxoek ere jolaserako aukera izan zuten, puzgarri eta kart-ekin. Eta nola ez, zaindaria ere izan zuten hauek, atzo goizean jarri baitzuten aurtengo maskota edo maskotak hobe esanda Sutegi gainean.

Arratsaldean, berriz, marrazkigintzan murgiltzeko aukera izan zuten herriko haurrek. 16. pintura lehiaketa ospatu zen eta marrazki ugari egin zituzten herriko txikienek. Txupinazoaren ondoren, berriz, frontoian Santixabeletako urteroko emanaldia eskaini zuten Orbeldi Dantza Taldekoek. Haur, gazte eta heldu, dantza desberdinak aurkeztu zituzten. Gauean ere ez zen festa girorik falta izan. bertsio gauak hartu baitzuen lekukoa. Herriko artisata ugari pasa ziren beste behin ere oholtza gainetik.

Gaur ere jarraipena izango du festak. Umeen Eguna izango da eta hauek ekintza ugari izango dituzte egunean zehar. Artzabalen toka txapelketa izango da goizean eta Elustondo anai-arrebekin erromeria arratsaldean. Gauean musikak ere bere tartea izango du. Bide Batez taldea izango da frontoian 23:00etan eta Rude Pride eta Eromeria taldeak txosnagunean 02:00etik aurrera.