Getaria
Jokin Txueka pilotari getariarra, Gipuzkoako Txapelketako finalean izango da bihar ArrasatenGipuzkoako Euskal Pilota Federazioak urte amaiera honetarako final festa prestatu du asteburuan. Hainbat txapelketatako norgehiagokez gozatzeko aukera izango da, han-hemenka, eta getariar pilotazaleak albiste ona jasoko dute.
Jokin Txueka Arregi gazteak Arrasaten jokatuko du, Uarkape pilotalekuan bihar, igandean, eskuz banakako finala, infantilak, 2. mailan. Aurrean aurkari izango du Aimar Akizu Zabala, Aretxabaletako klubeko pilotaria. Jaialdia igande goizean 11:00etan hasiko da eta Jokinen finalaren aurretik beste bi jokatuko dira.
Sahatsagan profesionalak
Gogoratu ere urtarrilak 10ean, Sahatsaga pilotalekuan, pilotari profesionalak ikusteko aukera izango dela. Ezkurdia eta Rezustak, P. Etxeberria eta Martijaren aurka jokatuko dute. Jaialdia zabaltzeko, Zabala-Eskurza eta Egiguren-Bikuña aurrez aurre. Sarrerak turismo bulegoan dagoeneko salgai daude.