Getaria
AA ikastaro berria prestatu dute kultura eta sormen prozesuetan erabiltzekoLehenengo ikastaroak izan duen harrera ona ikusita beste bat egitea erabaki dute Adimen Artifizialaren inguruan
Urola Kostako Udal Elkarteak Adimen Artifiziala erabiltzen ikasteko antolatutako ikastaroak izan duen harrera ona ikusita, beste bat egitea erabaki du. Abenduaren 16an eta 18an izango da bigarren tailerra, eta izena emateko aukera irekita dago jadanik.
Kultura eta sormen prozesuei bideratuta dago tailerra, beraz, alor horretako eskualdeko eragileek aukera izango dute AAren jakintza orokorrei, erabilpen desberdinei edota etika eta legediari buruzko irakaspenak jasotzeko.
Aurrez aurreko saio teoriko-praktikoen bidez, testuak, irudiak, bideoak edota musikaz gain, testutik irudira, iruditik bideora edota testutik bideora nola sortu ikasiko dute parte hartzaileek. 3 orduko bi saio izango dira, 09:30etik 12:30era.
Gainera, taldeko saioen ondoren parte-hartzaileek banakako tutorizazio saioa jasotzeko aukera izango dute.
Tailerretan parte hartzeko beharrezkoa izango da ordenagailu eramangarria edo bestelako gailu informatikoren bat norberak eramatea. Hala ere, halakorik ez dutenei Urola Kostako Udal Elkarteak utzi diezaieke bat.
Informazio gehiago jasotzeko idatzi enpresa@urolakosta.eus posta elektronikora edo deitu 943 890808 telefono zenbakira.