Getaria
Herritarrek Plan Orokorraren garapenean parte hartzeko proposamena onartu du Getariako UdalakHurrengo 15 bat urteetan herria eta herritarren bizitza baldintzatuko duten irizpideak zehatuko ditu Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak
Getariako Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) udalerriaren etorkizuna bideratuko duen dokumentu garrantzitsuenetako bat da. 340.000 euroko kostua izango du, eta herria ondo ezagutzen duten arkitekto eta lege-aholkulariek idatziko dute.
Prozesuan zehar hartzen diren erabakiek hurrengo 15 bat urteetan herria eta herritarren bizitza baldintzatuko duten irizpideak zehatuko dituzte, eta interes kolektiboari lehentasuna emango zaio, berehalako kezken eta premia indibidualen gainetik. Beraz, lanketaren helburua hirigintza-irtenbidea behar duten erronkak identifikatzea eta egiturazko soluzio zehatzak proposatzea da, eta, noski, bide hori, herritarrekin batera egin nahi da.
Herritarrak protagonistak
Getariarrak prozesuaren protagonista izateko HAPOa idatziko duten taldearen proposamena landu zen uztailaren 15ko Batzorde Informatiboan, eta irizpena eman zitzaion, eta azken Udalbatzarrean onartu.
Parte-hartzea sustatzeko, jendaurreko hainbat saio, dibulgazio-materiala eta, prozesuaren bukaeran, itzulketa-bilkura bat egitea aurreikusten da, baina irekita uzten da bidean, beharra ikusiz gero, bestelako lan-saioak egiteko aukera ere.
Getariako Udalak modu positiboan baloratzen du HAPOaren inguruan proposatzen den parte-hartze prozesua, herritarrek izan behar baitute hitza beren etorkizuna baldintzatuko duen erabakian.
Hiri Antolamenduko Plan Orokorra udal-proiektu nagusia da; izan ere, hirigintza-ikuspegitik, Getariaren etorkizuna sustatzen eta bermatzen duten ekimen guztiak integratu behar ditu.
Horretarako, Udalak, arau-esparrua zabalduz, herritar guztien inplikazioa eta konpromisoa erraztuko duten beharrezko espazioak sortzea proposatzen du, prozesuaren ondoriozko Plan Orokorra udalerriko herritar guztientzako plan bat izan dadin.
Herritarrek parte hartzeko programa honek, beraz, helburu horri ere erantzun behar dio.
Getariako HAPO berrikusteko zereginean, funtsezkoa da atzerapausorik ez ematea dagoeneko lortu diren eta arrakastatsuak izan diren helburuei buruz. Lurraldea etengabe bilakatzen ari da, eta asmatutakoetatik eta akatsetatik ikasi behar da. 2008an indarrean zeuden Arau Subsidiarioak onartu zirenetik gaur arte (17 urte geroago) egindako guztia baloratu behar da.
Aurretiazko ebaluazio horretatik abiatuta, HAPOk jarauntsitako hiri-sistema integratuko du, eta, aldi berean, 2040. urterako, prozesuan sor daitezkeen eta eztabaida eta parte-hartze publikoa elikatuko duten askotariko aukerak kontuan hartzearen ondoriozko estrategiak eta proposamenak proposatuko ditu aurrerantzean.