Gaur hasiko dira Usurbilen Santa Ixabel jaiak

JOSU ARANBERRI USURBIL.

Hastear dira Santaixabel jaiak! Aurten, inoiz baino lehenago datoz gainera. Santaixabel eguna astelehean egokitu da aurten eta, Jai Batzordeak hala erabakita, ekainaren 28tik uztailaren 2ra bitartean izango dira herriko festak.

Gaur 19:00etan izango da txupinazoa udaletxe aurreko plazan eta gaztain erretzaileak izango dira udaletxeko balkoitik festei hasiera emango dietenak. Herritar hauek, 15 urte inguru daramatzate herriko ekimen desberdinetan gaztainak erre eta salduz, eta, gaurkoan, eta herritarrek hala erabakita, beraiek izango dira udaletxeko balkoitik lehen txupinazoa jaurtiko dutenak.

Hala ere, herriko jaietako hainbat ekintza izango dira aurretik. Gaur goizean (6:00etan), herriko gazteak oilaskoa biltzera irtengo dira. Eguerdiko 14:00ak arte, baserriz baserri ibiliko dira fandango eta arin-arinak dantzatuz. Haur eta gaztetxoentzako (6 eta 12 urte bitartekoentzat), jolas parkea izango da frontoian 10:00etatik 13:30etara. Pintura lehiaketa 15:30etan izango da. Materiala bertan banatuko da eta arratsaldea margolanekin pasa ostean, 18:00etan sari banaketa egingo dute.

Arratsaldeko 18:30etan erraustegiaren aurkako manifestazioa izango da txosnetatik abiatuta, eta 19:00etan txupinazoa eta ikurrinaren igoera. Ondoren, buruhandi eta erraldoiak ibiliko dira kalez-kale txistulariekin eta Arraiketai txarangakoak ere festa giroa zabaltzen saiatuko dira. Festen hasieraren ondoren, Orbeldi Dantza Taldekoek urteroko emanaldia eskainiko dute frontoian. Gauean, berriz, bertsio gaua izango da txosna gunean 22.00etatik aurrera.

Biharkoa, berriz, umeen eguna izango da. Goizean, gaztetxoei harrera egingo zaie 10:00etan eta, koadrodun zapi urdina jantzita, haurren eguneko abestia dantzatzera joateko deialdia egingo dute. Hortik aurrera, jolas parkea izango da frontoian 6 urte arteko haurrentzat, ginkana LH1etik LH4entzat eta gaztetxoentzat erronka LH5etik DBH2 artekoentzat. Erraldoi eta buruhandiak trikitilariekin kalera irtengo dira 12:30etan, eta 13:30etan umeen lagunarteko bazkaria izango da frontoian, norberak ekarritako janariarekin. 14.30etan karaokea izango da frontoian eta 17:30etan txokolatada Askatasuna plazan. 18:00etan erraldoi eta buruhandiak berriz ere kalera irtengo dira.

Umeen eguna izan arren, bestelako ekintzak ere izango dira bihar. Toka txapelketa Artzabalen 11:00etatik aurrera eta txosna gunean gazteen bazkaria 14:30etan. Jarraian, Motxaila Elektrotxarangarekin kalez kale ibiliko dira. Artzabalen, berriz, 19.00etan Elustondo anai-arrebekin erromeria izango da. Gauean, Bide Batez taldearen saioa izango da herriko frontoian 23:00etatik aurrera eta, goizaldeko 2:30etatik aurrera, Rude Pride eta erromeria txosna gunean.