Azpeitia
Urola ibaiko landaredia arintzeko lanak egingo ditu Urak egunotanUrola ibaian -Azoka Plazatik Enparan kalera doan eremuan- garbiketa lanak hasi ditu Ura agentziak eta abuztuaren 8ra bitartean iraungo dute lan horiek. Azpeitiko Udalak, Basoinsa enpresaren bidez, egindako azterketa baten ondorioz erabaki da esku har-tzea, ibaiko landarediak uholde arriskuan izan dezakeen eragina aztertu ostean.
Urola ibaiak aberastasun ekologiko handia du, eta herriguneko eremua hainbat izaki bizidunen bizileku da. Hala ere, azken urteetan landarediak gora egin du, eta horrek kezka sortu du uholde arriskua dela eta. Udalaren helburua ibaiaren emaria hobetzea da, betiere bere balio ekologikoa ahalik eta gehien errespetatuz.
Udaletik adierazi dutenez, garbiketa lanen baitan, espezie inbaditzaile batzuk kenduko dira —hamarren bat platanondo ale, esaterako— eta zuhaitzak 2 metro ingurura arte kimatuko dira, uholde garaian ibaiak ekar ditzakeen materialak adarretan ez harrapatzeko. Era berean, ibaian pilatutako igartutako egurrak ere kenduko da.
Udalak eta Urak adierazi dute garbiketa hau ez dela ekimen isolatua izango. Izan ere, hurrengo hilabeteetarako plangintza zabalago bat prestatzen ari dira elkarlanean, eta herritarrei ere aurkeztuko diete. Irailean egingo dute horren inguruko bilera irekia.