Azpeitia
Gipuzkoako XII. Blonda Txapelketa eta behirik onenaren saria Eizmendi baserriarentzatDantzari Bikote Nagusien Txapelketan bigarren saria Arriaran eta Aranbururentzat eta hirugarrena Aizpuru eta Zabalarentzat
Gipuzkoako Blonda Txapelketaren XIII. edizioko sari nagusia Azpeitira etorri da, Eizmendi baserriak eskuratu baitu aurtengoan garaipena. Lehiaketa igandean izan zen, Azkoitiko Andramari jaien harira antolatutako Baserritarren Egunaren barruan.
60 buruk hartu zuten parte lehiaketan eta guztien artean Eizmendi baserrikoak gailendu ziren; gainera beraientzat izan zen behirik onenaren saria ere. Azpeitiko Agite eta Eizmendi baserriek, Aretxabaletako Torrenak eta Orioko Longak eraman zituzten abereak Azkoitira, baserritarrei gorazarre egiten dien egunaren baitan antolaturiko lehiaketa eta erakusketan parte hartzera. Eguraldia lagun, giro bikaina bizi izan zen egun guztian zehar.
Gainera, Eizmendi baserrikoak ez ziren Azkoititik etxera sari bat ekarri zuten bakarrak izan. Izan ere, igandean ere Dantzari Bikote Nagusien Txapelketa jokatu zen aldameneko herrian eta bigarren eta hirugarren sariak bi bikote azpeitiarrentzat izan ziren. Zortzi bikotek hartu zuten parte txapelketan, eta epaimahaiak bigarren postua Jone Arriaran eta German Aranbururentzat izatea erabaki zuen; hirugarrena, berriz, Nora Aizpuru eta Iker Zabalarentzat izan zen. Lehiaketako bikote irabazlea Lezo eta Sopelatik joandako Maren Galvez eta Gorka Granado izan zen.