Azpeitia
Domusa Teknik ISBk denboraldi berrirako taldea osatu du eta irailaren 1ean hasiko da entrenatzenTaldeak irailaren 1ean ekingo dio denboraldiaurreari. Alazne Lizundiak Intza Lizarazuren lekukoa hartuko du kapitain gisa aurten lehenengo aldiz
Iraurgiko emakumezkoen taldeak, Domusa Teknik ISBk, osatu du denboraldi berrirako taldea. 2025-2026 denboraldian LF Challenge Ligan lehiatuko den Domusa Teknik ISBk iazko antzeko blokeari eusten jarraituko dio: etxeko Maria Otaegi, Alazne Lizundia eta Nora Arozenarekin, Sara Iparragirre combo oriotarrak, Jone Azkue hegaleko getxotarrak eta Dynn Leaupepe eskolta samorrak lagunduta. Alazne Lizundiak Intza Lizarazuren lekukoa hartuko du kapitain gisa aurten lehenengo aldiz, emakumezkoen lehen taldean zazpi denboraldi egin eta gero.
Aurpegi berri dezente ere izango du aurten. Antolatzaile lanetan Ines Vieira portugaldarra izango da, eta barruko jokoa indartzeko, presentzia fisikoa eta errebotea gehituz berriz, Barbora Tomancova txekiarra eta Elodie Lalotte frantziarra, NCAAtik etorrita. Hegaleko pibot gisa Montse Gutiérrez gasteiztarrak eta Skylar Vann iparamerikarrak jardungo dute indarra eta intentsitatea ematen.
Aurtengo taldea osatzeko Iraurgi Saskibaloia jokalari baten fitxaketa ixteko zain dagoela adierazi du.
Talde teknikoan, Luis Agirrek 'Katxi'-k jarraituko du beste urtebetez entrenatzaile gisa, uda honetan Espainiako 16 urtez azpiko nesken taldearekin laguntzaile lanetan jardun eta gero. Bere ondoan izango dira berriz ere Asier Larrañaga eta Xuban Etxeberria azpeitiarrak.
Taldeko delegatua Jose Manuel Gurrutxaga izango da; prestatzaile fisikoa Iosu Larrañaga 'Epi' eta EFIK Entrenamendu Zentroa, fisioterapeuta Gorka Garate eta medikua, aldiaz, Angelo Bizjak.
Denboraldiaurreari Irailak 1ean ekingo dio Azpeitiko eta Azkoitiko emakumezkoen saskibaloi taldeak eta lehen lagunarteko partida Irailak 13an Zizur Nagusiko Ardoiren aurka. Ondoren, irailaren 19an, Euskal kopako finalerdia izango dute Ibaizabalen aurka; irabaziz gero, finala irailak 21ean izango dute Ointxe eta Barakaldoren arteko partidako garailearen aurka.
Liga hasiera irailaren 27an 18:00etan Azpeitian izango da C.B. Santfeliuenc taldearen aurka.
«Eskerrik asko Iraurgi SBren partetik Domusa Teknik, babesle eta instituzio guztiei proiektua aurrera eramaten laguntzeagatik. Aupa Iraurgi!», adierazi dute klubetik.