Azoka plazaren bosgarren urteurrena ospatzeko ekitaldia antolatu du udalak
Hala, bihar eguerdian, 12:00etan, bost urteko ibilbidearen errepasoa egingo da bideo batean eta ondoren, luntxa izango da bertan
Gaur, otsailak 3, bost urte bete dira Azpeitiko Azoka plaza eraberrituak ateak ireki zituenetik. Hori dela eta, udalak, ekitaldi batekin gogoratu nahi du urteurrena. Hala, bihar, zapatua, 12:00etan, urte hauetako guztietako ibilbidea biltzen duen bideoa emango dute estreinako eta ondoren, luntxa izango da bertan. Ekitaldi irekia izango da eta bertaratzeko gonbitea luzatu du udalak. «Azoka plazako ekoizle eta erabiltzaileez gain, herritar oro gonbidatuta dago», adierazi dute erakundetik.
«Asko ospatzeko»
2018ko otsailaren 3an Azoka Plazaren eraikina goitik behera eraberritu eta proiektua oinarrietara ekarri zen: «Bertako produktuen salmentara, baserritar eta ekoizleen saretzera; gertutasunera; konfiantzara». Hori guztia bidelaguna duen Elikagunearekin batera.
Bost urte pasatu dira. Eta bost urte hauetako ibilbidean «asko dago ospatzeko», azaldu dute udaletik. «Oraindik ere asko badago egiteko ere, Azoka Plazaren eta Elikagunearen aldeko apustua sendoa da herrian. Hasierako ziurgabetasun haiei babesarekin erantzun die azpeitiarrek eta hori ospatzea da helburua».
«Hasiera guztiak izan ohi dira zailak, baina herritarrek lehen egunetik egin dute bertakoaren eta garaikoaren alde, eta pixkanaka gero eta azpeitiar gehiagoren hautua da bertako produktuak kontsumitzea», diote udal arduradunek. Hala, «hautu horrek zuzeneko eragina du herriko eta eskualdeko lehen sektorean eta ekonomian», ondorioztatu dute.