Hondarribia
Bordari-Satarka literatur lehiaketaren berrogeigarren edizioa martxan daLogo berria dauka, Maore Sagartzazuk egindakoa, eta orain arte saritutako lan guztiak berrargitaratuko dira
Pasa den astean martxan jarri zen Bordari-Satarka literatur lehiaketaren edizioa berezia izango da. Izan ere, berrogeigarren saioa dela kontuan hartuta, berrikuntza batzuk iragarri dituzte Udaleko Euskara sailetik. Xehetasunak Garoa Lekuona eta Ander Moronek, Euskara saileko zinegotzi eta arduradunak, eman dituzte.
Lekuonaren hitzetan, «oinarri berberak, baina itxura berria dauka sariketak; izan ere, ospakizun-urtea du aurtengoa lehiaketak, berrogeigarren edizioa baitu. Maore Sagartzazuk egindako logoa estreinatzea izan da lehen keinua».
Baina gehiago ere izango dira: «Herrian eta euskal literatur esparruan errotu eta hainbeste urtetan eutsi izana ez da nolanahiko lorpena. Edizio hauetan guztietan hamarnaka autoreren lanak jaso ditugu, eta haiek ere oroitu nahi ditugu oraingo honetan».
Hori dela eta, «2013an, 25 edizio bete zituenean, egin bezala, oraingoan ere saritutako lan guztiak berrargitaratu nahi ditugu sorta bakarrean. Horrez gain, urte amaieran izango den sari-banaketa ekitaldian ere denokin partekatzeko moduko zerbait egitea daukagu buruan».
Jakina denez, lehiaketa honek bi sari-atal ditu, Bordari ipuin saria eta Satarka olerki saria. Aurkeztuko diren lanek euskaraz idatziak, argitaratu gabeak eta beste inon saritu gabeak izan beharko dute.
Irailaren 15a arte
Lanak aurkezteko epea irailaren 15era artekoa izango da eta hiru bidez egin daiteke: BAZen bulegoan, bertara postaz bidalita edota Udalaren web orriko sarrera erregistroaren bidez
Bordari sarian, ipuinak hiru folio izango ditu gutxienez eta hamar gehienez, Arial 12 formatuan eta tarte bikoitzean idatzia, orriaren alde batean bakarrik idatziko dira, ordenagailuz eta tarte bikoitza utzita.
Satarka sarian, olerkiak 50 lerro izango ditu gutxienez eta 150 gehienez, Arial 12 formatuan eta tarte bikoitzean idatzia. Bietan ere, gaia librea izango da.
Horietaz gain, bi lehiaketek zenbait arau berdin dituzte: Hiruna sari izango dira: Lehen saria, 800 euro eta oroigarria; bigarren saria, 400 euro eta oroigarria; eta Hondarribia saria, 400 euro eta oroigarria. Sari hoiei % 21 kenduko zaie P.F.E.Z.rako.
Lehiakide bakoitzak gehienez lan bat aurkez dezake atal bakoitzean eta idazle batek ezin izango du sari bat baino gehiago jaso. Hondarribia saria Hondarribian jaioa edota bertako biztanlea denarentzat izango da.
Udaleko bi ordezkari eta literaturgintzaren arloko lau pertsona (atal bakoitzerako bina) izango dira epaimahaia osatuko dutenak.
Hondarribiko Udalak «euskararen erabilera bultzatu, idazle berriak sortu, idazteko zaletasuna eta literatur sorkuntza suspertzeko asmoz» antolatzen du lehiaketa hau.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.