Herriko aparkaleku kopuruari irtenbidea bilatzen ari da Ondarroako Udala

Herrian azkenaldian dauden obra berrien ondorioz, areagotu egin da kezka aparkalekuekin

A. E.

Herrian azkenaldian dauden obra berrien ondorioz, areagotu egin da herritarren kezka aparkalekuen gaiari dagokionez. Ondarroako Udalak herriko aparkalekuekin egiten ari den lana ezagutzera eman nahi die herritarrei. Alde batetik Ondarroako Udala apezpikutzarekin negoziatzen ari da Ibaiondon aparkaleku gehiago zabaldu ahal izateko, honela Kamiñazpin arnasgune bat sortzeko aukera ikusten da.

Txorierreka etxebizitzen lana amaitzear da ere, eta bertan 100 aparkaleku inguru egongo dira, orain herriko beste guneetan aparkatzen ari direnak hain zuzen. Udaberrian, Kamiñaldeko lanak amaitzean eta bidea irekitzean beste 70 aparkaleku inguru egongo dira berriz ere.

Epe ertainera beste bi proiektu lantzen ari da Udala, herriko aparkalekuen arazoa behin betiko konponduko luketenak.

Txalet Monika eta izotz fabrikaren artean 700 aparkaleku egiteko proiektua garatzen ari da. Horrelako lan bat egiteko norma subsidiarioan lantzen ari dira Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean.

Bestetik, Futbol Zelaia eta Ertzain Etxearen artean egingo diren moldaketa batzuen ondorioz -aldagelak lekuz aldatuko dira-, Ondarroako Udalak hainbat pisutako aparkaleku bertikalak egiteko proiektua garatuko du.

Skate Parkea

Ondarroako Udalak adierazi nahi du Skate Parkea herritarrentzat aspalditik datorren eskaria zela, eta herriak denontzako tokiak izan behar dituela. Era berean, skate parkea egitearekin batera anesun diren aparkalekuak berrantolatu egingo dira, eta ez da lekurik galduko. Anesuko egoerari lotuta, hainbat herritarrek kezkak azaldu dituzte lurrean diren zuloak direla eta. Udalak lehendik ere jakin arazi izan duen bezala adierazi nahi du URAren eremua dela aparkaleku gune hori, eta beraz, Ondarroako Udalak ezin duela nahi lukeen erreforma egin. Galipota ordez, soilik hondarra bota daiteke bertan, baina euriarekin eta autoen joan etorriarekin hilabete gutxitako soluzioa baino ez da.

Ondarroako Udalak egoera honi bide eman nahi dio eta behin eta berriz batu da Partzuergoa eta Urarekin hitzarmen batzuk lotze bidean, uraren desbideraketa obrak hiru erakundeen esku egon daitezen. Egun Udala proiektua garatzen ari da bi erakundeei aurkezteko.