Aitor Huergo endoiarraren kontzertua izango da ostiral gauean Itziarko Burugorrin
Musikariak ekoiztu berri duen 'Barruko paisaiak' izeneko abesti bilduma aurkeztuko du, 22:00etatik aurrera eta bakarlari gisa
Bilbon jaio zen baina egun Endoia auzoan bizi den Aitor Huergo musikariak kontzertu berezia eskainiko du ostiralean 22:00etatik aurrera Itziarko Burugorri aretoan.
Itziarko Auzo Udalaren 'Barruan giro' neguko kultur egitarauaren baitan antolatutako emanaldi horretan, Aitor Huergok ekoiztu berri duen 'Barruko paisaiak' izeneko abesti bilduma aurkeztuko du herritarren aurrean (sarreren prezioa 3 eurokoa da eta emanaldia hasi baino lehen eskuratu ahalko dira Burugorriko atean bertan).
Aurretik han hemenka zenbait saio emanak baditu ere, kontzertu honekin, Aitor Huergok «lagun artean autoekoiztu eta grabatu» duen bakarkako proiektuaren aurkezpena egingo du bere auzokideen aurrean. Izan ere, bakarlari gisa ofizialki jendaurrean Itziarren joko duen lehenbiziko aldia izango da ostiralekoa.
Bere hitzetan, «abesti bilduma xume eta soila dugu, sinpletasunak dakarren zailtasunez hornituta: ahotsa eta gitarra soilik, elkar nahasirik, fluxuan».
Hori bai, lan hau egiteko Aitorrek eskarmentu handiko zenbait musikari izan ditu ondoan: Mikel Markez kantagintzan, Unai Rodriguez arlo klasikoan, eta Mendaroko Ameikutz musika eskolan gitarra irakasle izan duen Ondarroako Keu Agirretxe musikaria bera. Horiez gain, Unai Mimenza, Aner Hernandez eta Rober ere izan ditu lankide.
Musikan aditua
Musikaren historian lizentziatu zen eta azken hemeretzi urteetan irakaskuntzan aritu izan den Aitor Huergo musikariak (gaur egun irakaslea da Debako Mendata ikastetxean) duela bost bat urte ekin zion denbora librean bere musikan gehiago sakontzeari. Hortik ondu zuen, pixkanaka, azkenean bilduma gisa argitaratua izan den 'Barruko paisaiak' abesti bilduma.
Lana kaleratuta endoiarra «gogoz» omen dator itziartarren aurrean kantura; «aretoan elkarrekin une goxoa sortzeko irrikaz», aitortzen du.