Urretxu
Sormonak lehiaketak baditu irabazleakBakarkako bi lan eta taldekako beste bi izan dira aukeratutakoak eta bakoitzak 200 euroko saria eskuratu du
A. Urbieta
Osteguna, 13 otsaila 2025, 20:16
'Nora eramango gaituzte pauso berriek' galdera luzatu zuen Urretxuko Udaleko Gazteria Sailak pasa den irailean Sormonak sormen lehiaketaren bigarren edizioa abian jarri zuenean. Lau hilabete igaro dira ordutik eta ostegun honetakoan sari banaketa ekitaldia burutu zen Pagoeta Gune Soziokulturalean. Bakarkako bi lan eta taldekako beste bi izan dira aukeratutakoak eta bakoitzak 200 euroko saria eskuratu du.
«Proiektu bakoitzaren pauso bakoitzak leku berri batera eraman gaitu, pauso berri bakoitzeko beste bat egin dugu, eta, pausoz pauso, lau hilabete beranduago hemen ditugu iraileko galdera horien erantzunak: Sormonak 2024an aurkeztutako lan guztiak. Esaten baitigute hormonak ditugula bor-bor, baina, benetan, sormena dugu bor-borka», adierazi zuten aurkezpenean.
-
Banaka
-
'Garberas' Marifer Cervantes.
-
'Air Force 1 Suprime' Santino Maestre.
-
Taldeka
-
'Domovan' Unai Maillo, Aitor Ruiz de Alegria, Iker Madina eta Manex Balenziaga.
-
'Iluntzean' Nekane Iturbe eta Josune Cervero.
«Lehiaketaren bigarren edizio honek askotariko lanak jaso ditu, antolatzaileek adierazi dutenez: ingeniaritzari, arte plastikoei, musikari, dantzari, literaturari eta informatikari lotutakoak eta guztiek jaso dute feedbacka komunitateko eta Euskal Herriko hainbat adituren eskutik. Zehazki hauek dira lanak aztertu dituztenak: Eñaut Gaztañaga musikaria, Maddi Iraeta artista, Antxiñe Mendizabal idazlea, Uxue Rey kazetaria, Ane Errarte ingeniaritza ikerlaria, Oihane Vicente dantzaria eta Josu Etxaniz ingeniaria», azaldu zuren.
Aipatu moduan, bi sari eman ziren bakarkako lanen atalean, Horietako bat Marifer Cervantesek eskuratu zuen 'Garberas' lanagatik. «Pentsatzera gehien bultzatu nauen lana da, begiratzera. Orokorrean atmosfera gehien zehaztu duena izan dela iruditzen zait. Prozesua bera, 'bere' izatera gehien eraman duena, nahiz eta teknikoki perfektua ez izan, ez du zertan izan behar. Disfrute gehien honetan ikusten dut, askatasun gehien», adierazi du Maddi Iraeta artistak lan honen inguruan. Maialen Fidalgo Herritarren Batzordeko zinegotziak eman zion saria.
Bakarkako beste saritua Santino Maestre izan da 'Air Force 1 Suprime' lanagatik. «Lan guztiz originala! Eskertzekoa da beti, norbaitek hemendik kanpo dagoen zerbait egiteko nahia erakusten duenean. Hemen bezala. Pintzelkada askeak eta neurtuak elkarrekin jarri ditu diseinu honetan, Pollocken tantaka jarioak eta marra eta diseinu begetal hori. Azpimarratu nahiko nuke ere, pertsona hau dela zapatila hauek jantziko dituen bakarra munduan, eta bakarra izate horrek ere balio handia duela artearen esparruan. Lan benetan ausarta!», nabarmen du honen inguruan Maddi Iraetak. Beñat Zamalloa Akizu Udaleko Gazteria teknikariak eman zion saria.
Taldekako lanen atalean, berriz, Unai Maillo, Aitor Ruiz de Alegria, Iker Madina eta Manex Balenziagaren 'Domovan' lana izan da sarituetako bat: «Furgoneta batek behar dituen ezaugarri guztietan pentsatzeagatik: iluntasuna, tenperatura, eta lapurrekiko alarma. Gainera, aztertzaileari izugarri gustatu zaio energia berriztagarri bidez mugitzea», nabarmendu zuten. Aztertzailea Ane Errarte ingeniaritzan ikerlaria izan da kasu honetan. Hauei ere Zamalloak eman zien saria.
Taldekako beste saria Maialen Fidalgok eman zien Nekane Iturbe eta Josune Cerverori 'Iluntzean' lanagatik. «Narratzailea guztiz sinesgarria izan zaidalako, ez zait inporta gehiegi zenbat duten ipuin hauek egiatik eta zenbat fikziotik, ederki idatzia eta kontatua dago, oso sinesgarria zait. Sentitu dut ipuinok direla mingarriak tarteka, hunkigarriak beti, izugarri poetikoak, sortu duzue ipuin sorta bat, non irakurlea senti daitekeen aise islatuta lerro arteetan. Zergatik ez esan esperantzagarria ere bada. Poetikotasunagatik ere zorionak eta segi horrela», adierazi du Uxue Rey kazetariak euren lanari buruz.
Sari banaketa ekitaldiak musika eta literaturari ere tartea egin zion. Izan ere, aurtengo lehiaketara aurkeztu diren lanen artean bi izan dira musikari lotutakoak, Zestoako Gaztain Estudioetan grabatuak, eta biak entzuteko aukera izan zuten Pagoeta Gune Soziokulturalean bildu zirenek. June Fontes Guerrerok 'Tximeletak ez sentitzea' kanta aurkeztu zuen eta Olaia Castro Vicentek, berriz (taldekide Amaiur Jauregi Olaizolak ezin izan zuen joan) 'Amets galduak'.
Era berean, Joanes Plazaola Rikondok Sormonakera aurkeztu duen 'Donostiak bi uharte zituenekoa' lanaren hasiera irakurri zuen. Antxiñe Mendizabal idazleak aztertu du bere lana eta horren genero zailean horren ondo moldatu izana azpimarratu duela nabarmendu zuten.
Ekitaldia amaitu aurretik gogorarazi zuten bestelako lanak ere aurkeztu direla aurtengo Sormonak lehiaketara eta guztiak ere ikusgai zeudela Pagoeta Gune Soziokulturalean.