Urretxu
«Hau ez da txapa sinple bat, askotariko jendea euskararen bitartez konektatzeko giltza da»Urretxuk eta Zumarragak ongietorri beroa eman zioten ostegun arratsaldean Euskaraldiari Areizaga-Kalebarren plazan
«Gaur hasten dugun 11 egunetako aldiak ez du amaierarik: erabileraren aroa ez da eta sekula amaitzen. Euskararen aldia egunez egun ekinez transmititzen da etorkizunera. Euskaraldia da pasioa eta abentura. Ahalegina eta poza. Grina, kemena eta erronka», aldarrikatu zuten ostegunean Urretxu eta Zumarragako Euskaraldiko batzordeko kideak arratsaldeko zazpietan Areizaga-Kalebarren plazan egindako inaugurazio ekitaldian.
«Urrundik gatoz eta asko egin dugu. Orain eta hemen, gehiago egiteko prest gaude: euskararen biziberritzeak mugimendua behar du. Eta gu, elkar mugitzera goaz. Asko gara. Herriz herri batzordeetan antolatutako milaka eta milaka herritar eta boluntario konprometitu, lanerako prest, gogotsu. Hiztun komunitate trinko bat. Gutako bakoitza, bat gehiago eta are indartsuago, sendoago», balioan jarri zuten.
«Hitzez ekiteko garaia da. Eta guk, eragitea dugu helburu: lehenengo pertsonatik eta pluralean. Elkar zainduz, batera bultzatuz, konplexurik gabe: lotsagabe, tinko eta adeitsu. Komunitatea dugu ikur, auzolana lanabes. Eta gure txikian, handia egingo dugu beste behin ere, euskaran mundu oso bat kabitzen den bezala, euskaldunok ere munduan leku bat dugulako, bagara eta nor munduan. Beste inon ez da Euskaraldia bezalako ariketa sozial masiborik egin», nabarmendu zuten.
«Hau ez da txapa sinple bat», adierazi zuten Euskaraldiko txapa airera altxatuta. «Txapa honek superbotereak ematen dizkizu. Adorea ematen dizu, entzumena ernetzen dizu eta aldamenekoa eta zu babesten zaituzte. Txapa hau, hizkuntza bezala, magikoa da: ilusioa pizten du, aldartea poztu eta komunitatea puztu. Txapa da, hitza bezala, askotariko jendea konektatzeko giltza», adierazi zuten.
«Euskarak Euskaraldia behar du. Euskaraldiak, hiztunak. Eta hiztunek, mintzakidea. Txapa soinean eta hitza ezpainetan, euskaradunon aldia hasten da gaur. Totelka edo arrapaladan, ahots handi edo mehez, ozen zein xuxurlaka, goxatu belarriak eta astindu mihiak, hitzez ekinez distantziak txikitu eta euskararen lurraldea handitzera goaz eta», iragarri zuten gogotsu.
Hurrengo ekitaldiak
Datozen egunetan Euskaraldia bultzatzeko hainbat ekintza egingo dira Urretxun eta Zumarragan batzordeak antolatuta. Maiatzaren 22an, Euskaraldiaren mikro ipuin lehiaketako sari banaketa egingo da, 18:00etan, Areizaga-Kalebarren plazan. Maiatzaren 23an, 'Appa Hi' lehiaketa egingo da 17:30ean eta 'Hikadromoa' lehiaketa 18:00etan, biak Areizaga-Kalebarren plazan. Bukatzeko, maiatzaren 24an haurrentzako ginkana egingo da 16:00etan, eta ondoren musika emanaldiak, Areizaga-Kalebarrenen.
- Temas
- Euskaraldia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.