Legazpi
'Aztia' kontzertu dramatizatua urriaren 3an, Latxartegi AretoanDon Inorrez eta Metrokoadroka sormen Laborategiaren eskutik, sarrerak dagoeneko salgai daude
El Diario Vasco
Legazpi
Asteazkena, 24 iraila 2025
'Aztia' kontzertu dramatizatua izango da urriaren 3ean Legazpin, Don Inorrez eta Metrokoadroka sormen Laborategiaren eskutik. Latxartegi Aretoan izango da hitzordua 20:00etan. Sarreran dagoeneko salgai daude.
2023ko urte amaieran Imanol Ubedak eta Karlos Aranceguik osatzen duen Don Inorrez musika taldeak proposamena egin zion Oier Guillani: disko berri baterako hitzak topatzea. Horretarako, letrak osatzeko ez ohiko prozesu bat abiatzea erabaki zuten: antzerkian oinarritzea disko oso bat sortzeko. Hala, Aztia bakarrizketa idatzi zuen berariaz Guillanek, eta hitz horietatik abiatuta disko osoa konposatu zuten Don Inorrezekoek. Hala, Cadizen Paco Locorekin grabatu ostean, urtarrilean plazaratu zen lan berria.
Ondoren, material berria lengoaia eszenikora egokitzeko apustua egin zuten Metrokoadroka kolektiboarekin. Aztia emanaldia otsailaren 8an estreinatu zen Donostiako Lugaritz kultur etxean. Emanaldian Imanol Ubedaren ahotsa eta gitarra eta Karlos Aranceguiren perkusioa Fernando Neira baxu jolearekin egin dute bat. Haien alboan Oier Guillanek dramatizatu du antzerki bakarrizketa ahotsez, eta Ainhoa Alberdik pertsonaia gorpuztu du butoh dantzaren bitartez. Idoia Beratarbide izan da proiektuko zuzendari artistikoa eta iruditeria osoaren sortzailea.
Hauxe dio sinopsiak: «Aztiak zoriontasunaren inguruko mintegi bat antolatu du, 'Zoriontasuna hasiera bat besterik ez da' leloarekin. Bertan 'autolaguntzaz' mintzatuko da, zirikatzaile, baina ezkutuan 'auzolaguntza' izango du xede. Jendartean deslilura eta desesperantza nagusitzen ari direla dirudien garaiotan, des-deslilura aldarrikatuko du Aztiak, hasiera oro zerbaiten amaiera izan daitekeen itxaropenarekin».
Oholtza gainean umorea eta kontzertu giroa izango dira nagusi, musika, antzerki bakarrizketa eta butoh dantza uztartuta.
Sarrerak aurrez salgai, https:// latxartegisarrera.sacatuentrada.es/ loturan. Sarrerarik geratzen bada, urriaren 3an bertan, aretoko leihatilan jarriko dira 19:00etan. Sarreren prezioa: 10 eurokoa izango da.