Haur eta gaztetxoentzat txoko berritua dute Itsason
Landa Garapenerako sailaren dirulaguntzarekin atondu dute, Gazte Lokala izandako beheko txokoan
CRISTINA LIMIA
Ezkio-Itsaso.
Ostirala, 9 abendua 2022, 22:49
Haur eta gaztetxoentzat txoko berritua dute Itsason. Udalak, Foru Aldundiko Landa Garapenerako sailetik jasotako dirulaguntza bat tarteko, Gazte Lokala izandako beheko txokoa txukundu, margotu (auzolanean) eta material anitzez hornitu du (altzariak, telebista, ping pon-eko mahaia, jolasak...).
Txokoa herritarrei zabaldu baino lehen, ostegunean, haren horma nagusian mural koloretsua margotu zuten ume eta helduek auzolanean. Ondoren, irekiera ofiziala egin zuten.
Ostatuaren azpian dagoen lokala da hau. Aspaldian Ezkio-Itsasoko haurtzaindegia egon zen bertan, modu probisionalean. Gerora, ludoteka deitu izan diote eta gazteek erabili izan dute. Bilerak ospatzeko tokia ere izan ohi da. Baina azkenaldian gutxiago erabiltzen zen eta zahartzen hasia zegoen. Gazteentzako txoko bezala erabiliko da aurrerantzean eta kode bat emango zaie erabiltzaileei sartzeko, giltza erabili ordez.
Aldundiaren dirulaguntza
Txoko honen eraberritze lanen aurrekontua 23.000 eurokoa izan da eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Landa Garapenerako sailaren dirulaguntza honen %65ekoa. Aurretik, sail berdinetik jasotako beste laguntza baten bidez, Ostatuko kanpoko karpa jarri zen.