Arregik berdinketa haustean irabazi du plater-tiroketa
Kepa Altuberekin hamabosna jotakorekin bukatu eta ondoren beste hamabost apurtu zituen irabazleak San Martzialen
Jose Luis Arregik irabazi zuen azken unera arte erabaki ez zen San Martzialgo plater-tiroketan. Zapatuan jokatu zen, goizez lehen frogak egin zituztelarik eta arratsaldez, berriz, lehiaketari txanda heldu zitzaiolarik.
Eperra elkarteko tiratzaile beteranoaren atzetik Kepa Altube bigarren eta Vicente Rajado hirugarren sailkatu ziren. Berdinketa hauste saiora joan behar izan zuten garailea erabakitzeko.
Izan ere, aurreneko txanda, hamabost platerekoa, berdinduta bukatu zuten Jose Luis Arregik eta Kepa Altubek. Batak zein besteak danak jo zituzten, okerrik gabe. Ondorioz, hamabost platereko beste txanda batera joan ziren. Eta Arregik guztiak jo zituen berriz, garaipena bereganatuz.
San Martzialgo plater-tiroketak tradizio handia du. Urteak joan, urteak etorri, Lizarragako auzo batzordeak zein Eperra elkarteak tinko eutsi diote lehiaketa honi eta pandemiaren ondoren berreskuratu egin dute.
Hanburgesa lehiaketa
Herriko jaietan antolatuko den grastonomia lehiaketan parte hartu nahi dutenentzat etzi, egubakoitza, itxiko da epea. Udaletxera zuzendu behar da horretarako: telefonoz (943 76 62 46) edo mailez sormenantzuola@gmail helbidera.
Araudia ere kaleratu dute. Hanburgesak prestatuko dira aurten, bosna hain zuzen. Begetarianoak ala haragizkoak norberak erabakiko du. Taldeak bi lagunekoak edo gehienez hirukoak izango dira eta hanburgesak ezingo dira etxetik prestatuta eroan. Herriko elkarteak, koadrilak edo besterik gabe osatutako taldeak aurkez daitezke ekitaldira.
Udalak opilak eta olioa jarriko ditu. Osterantzeko jakiak zein tresna eta ontziak parte-hartzaileen kontura dira