«Alardea posible egin dutenei» eskerrak eman dizkie elkarteak
«Beroari aurre egiteko» laguntza eman zutenak ere aintzat hartu dituzte
Alardearen kultur elkarteak eskertza mordoa banatu du ohar baten bitartez zapatuko ekitaldian zerikusia izan zuten lagun guztien artean. Berrehun bat gizon-emakumek hartu zuten parte aurreko bi urteetan pandemiaren ondorioz bertan behera geratu eta aurten berreskuratu den saioan.
«Bi urteren ostean, pasa den larunbatean Alarde ederra ikusi eta bizi izan genuen Antzuolako plazan», azpimarratu du elkarteak. «Hau posible egin duten guztiak eskertu nahi ditu Alardearen kultur elkarteak». Luzea da zerrenda: «Plazan ikusi genituen buruzagia eta bere guardiak, mairua eta bere sekitoa zein musikariak, fusileroak eta haien ofiziala, kainoilari, danborjole, txistulari, dantzari, abesbatza, estandarte eta banderadunak, argazkilariak...».
Baita Alardea prestatzen ibili diren beste hainbat ere: «Entsegua zuzentzen, luntxak presta-tzen, arropak txukuntzen, material ezberdina kontrolatzen, makilatzen, turbanteak egokitzen».
Zapatuan beste oztopo bati ere aurre egin behar izan zioten. Beroak gogor jo zuen. «Eta aurtengo beroari aurre egiteko ura banatu diguten tabernariak eta hozkailu eramangarriak laga dizkiguten herritarrak», aintzat hartu dituzte antolatzaileek. «Berrehun inguru herritarrek egindako auzolan eredugarria! Azkenik, Udala, udal langile eta plazara gerturatu ziren guztiak ere gogoratu nahi ditugu. Eskerrik asko bihotzez eta datorren urtera arte».