Arratsaldean hasiko da bertso-festa
Amasa-Villabonako kiroldegian jokatuko da lehenbiziko kanporaketa, sarrera guztiak salduta daudelarik. Gaurko beteranoena Fredi Paia algortarra da, laugarren txapelketa baitu hauxe. Eta Alaia Martin oiartzuarrak, aldiz, lehenbizikoa du
FELIX IBARGUTXI , DIARIOVASCO.COM
Domingo, 29 de septiembre 2013, 04:10
Lau urteren buruan, gaur abiatuko da, Amasa-Villabonan, Bertsolari Txapelketa Nagusiko edizio berria. Bertsolari hauek ariko dira: Alaia Martin, Fredi Paia, Iker Zubeldia, Jon Martin, Nerea Elustondo eta Odei Barroso. Lau gipuzkoar, bizkaitar bat eta lapurtar bat. Aurkezle lanetan Ion Zaldua arituko da.
Irrika zegoen nonbait: lehen saio honetarako salgai zeuden sarrera guzti-guztiak saldu egin dira, hortaz ez da sarrerarik gelditzen. Eta hori, tokiz aldatuta ere, Bear-Zana pilotalekutik Olaederra kiroldegira aldatuta ere. Kiroldegiko ateak saioa hasi baino ordubete lehenago irekiko dira, 16:30ean. Era berean, Amasa-Villabonako saiorako sarrera guztiak saldu direnez, Bertsolari Txapelketa Nagusia segitzeko salgai ziren bonoen salmenta ere amaitu egin da.
Amasa-Villabonako seikotetik Fredi Paia algortarrak du esperien-tziarik handiena Txapelketa Nagusian, honakoa bere laugarren parte-hartzea baita. Hiru aldiz hartu dute parte Jon Martinek eta Iker Zubeldiak, bi Nerea Elustondok eta Odei Barrosok eta Alaia Martin oiartzuarrarentzat lehen aldia izango da.
Gainerako kanporaketa guztietan bezala, sei bertsolariok honako lana egin beharko dute:
. Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian.
. Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian.
. Banaka, lehen puntua emanda, hiru bertso zortziko txikian.
. Binaka, gaia emanda, hamarreko txikian hiruna bertso.
. Kartzelako lana: banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.
2013ko Txapelketa Nagusia ez da kasualitatez Amasa-Villabonan hasiko. 2008. urtetik bertan du egoi-tza Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak, Udalak utzitako egoitzan. Villabonako herriak Elkartearekiko erakutsi duen eskuzabaltasuna eskertu nahian Bertsolari Txapelketa Nagusia 2013 Amasa-Villabonan abiatzea erabaki zuen Bertsozale Elkarteak.
Gaurko kanporaketan irabazten duena zuzenean sailkatuko da azaroaren 11n Gernika-Lumon jokatuko den lehen finalaurrekorako. Gainerakoek kanporaketa guztien puntuazioen zain egon beharko dute.
Lehen kanporaketaren ostean, Markina-Xemeinen jokatuko da hurrengo saioa, urriaren 5ean. Saioa herrian bertan ospatuko den Euskal Herriko Bertso Eskolen Topaketarekin bat egingo da. Euskal Herri osoko bertso-eskoletako kideak eta bertsozaleak daude deituta hango festara. Egitarau luzea egongo da eta, bukatzeko, gaueko 11etarako, 'Bi bala' ikuskizuna dago iragarrita gaztetxean. Iñaki Gurrutxaga, Aitzol Barandiaran eta Julen Goikoetxearen saio berezia, hain zuzen ere.
Berrogeita hiru bertsolari
14 saiok osatuko dute lehiaketa eta 43 bertsolari ariko dira kantuan, tartean orain dela lau urteko txapelduna, Maialen Lujanbio. Baina honek finalean kantatuko du soilik. 2009an iragarri bezala, Andoni Egañak ez du parte hartuko, eta aurreko txapelketan finalista izan zenez, ez da haren ordez inor sartu. Bada beste bertsolari bat ere, eskubidea zeukana eta uko egin diona: Iñigo Izagirre itziartarra. Arrazoi pertsonalak direla-eta nahiago izan du etxean geratu. Haren tokia Iñaki Zelaia hernaniarak hartu du.
Bertsolarietan, urte gehien dituena Jon Maia zumaiarra da, 41 baititu. Eta adin horretakoa da Jexux Mari Irazu ere. Aurtengo lehiaketako gazteena, berriz, Lapurdiko Itsasun bizi den Maddi Sarasua, 18 urteko neska baita.
Donostia 2016 proiektuaren barruan ari da lanean Maia, aholkulari moduan. Hain zuzen ere, Pasaiako Ondartxon egiten ari diren XVI. mendeko baleontziaren inguruko lanak ari da koordinatzen. Gero, Donostia 2016aren enbaxadore izango da itsasontzi hori.
Maddi Sarasua, berriz, jaioterrtik Aretxabaletara aldatu da, handik egunero Gasteizko Euskal Filologiako fakultatera joateko. Aitor Sarasuaren alaba dugu.
43 parte-hartzaileetatik, 2 Arabatik datoz, 11 Bizkaitik, 21 Gipuzkoatik, 4 Nafarroatik eta 5 Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beheretik. 2009eko Txapelketa Nagusiko finalistek eta herrialde bakoitzeko txapelketetan sailkatuek dute Txapelketa Nagusian parte hartzeko eskubidea. Orain dela lau urteko finalistak finalaurreko saioetan ariko dira lehian, azaroaren 9tik aurrera. Maialen Lujanbio txapelduna, berriz, finalera zuzenean pasako da.
«Aberastuta ez gara irtengo»
Aurtengo babesle nagusia Bizkaiko Foru Aldundia izango da. Beste babesleak Getariako Txakolina, Eusko Label Sagardoa, Hazi-Goi Mailako elikagaiak eta Ampo dira. «Egoera aldatu egin da eta, babesle nagusiez gain, beste babesleak bilatzeko ere ez da erraza izan. Aberastuta ez gara irtengo, garbi dago. Gastuak murriztetik etorri beharko du etekinak», esan zuen Muruak orain bi aste, txapelketaren aurkezpen nagusian.
Bestalde, Murua lehendakariak adierazi du abenduaren 15ean Barakaldoko BECen bildu daitezkeen 14.000 lagunen kopuru horrek oso garrantzi erlatiboa duela: «Ez goaz zenbakiei begiratzera. Urtean zehar gertatzen diren plazaz plazako zenbakiei erreparatzen badiegu, BECeko hori huskeria da. Urtean mila saiotik goraegin ohi dira, eta horko denak gogoan hartuta joko dugu txalo BECen. Azken finean, bertsoa da bertsolaritzaren oinarria, hori da Txapelketa Nagusiaren sekretua. Egunez egun bertsoa herriz herri, plazaz plaza, eskolaz eskola ibiltzen da Euskal Herriko bazter guztietan. Mugimendu zabala eta dinamikoa da bertsolaritzarena, jende asko dago lan horretan inplikatuta. Eta Txapelketa Nagusia etengabeko jarduera horren isla da».
«Lau urte pasa dira Maialeni ez genekien 'gobara' hitz hori entzun genionetik», adierazi du baita ere lehendakariak. «Andoniren zain gaude, badakigu aulkiak ipintzera agertuko dela. Krisia ez da bakarrik ekonomikoa. Sormenean ere badago krisia, eta horri astindu bat eman nahi diogu txapelketaren bidez. Gainera, soiltasunetik azaldu nahi genuke, bestelako adornu eta lore gehiagorik gabe».
Gaurko irudiak bihar ikusi ahal izango dira telebistan. 'Hitzetik hortzera' saioa igandero eta astelehenero eskainiko du ETBk. Igandeetan 15:00etan, eta astelehenetan 23:15ean, saio monografiko zabalak eskainiko dituzte.