«Bertsolariok, baliatu aukera!»
Igandean hasiko den Bertsolari Txapelketa Nagusiaren aurkezpen soziala egin zuten atzo Villabonan. «Vilabonan pozik eta harro gaude», esan zuen Iñaki Murua lehendakariak, hango Udalari eskerrak emanda
FELIX IBARGUTXI
Viernes, 27 de septiembre 2013, 03:53
Gutxitan suertatzen da elkarrekin ikusi ahal izatea lau bertsolari txapeldun. Atzo, adibidez, gertatu zen halako txapeldun--metaketa: Villabonako Subijana etxera azaldu ziren Amuriza, Lizaso, Egaña eta Lujanbio, hamaseigarren Bertsolari Txapelketa Nagusiaren aurkezpen soziala egin baitzen. Eta, espero izatekoa zen bezala, lehiaketan parte hartu behar duten bertsolari gehienak ere agertu ziren, goiko argazki hori lekuko.
Aurreko astean, Bertsolari Txapelketa Nagusiaren aurkezpen prin-tzipala egin zenean, Bilboko Euskaltzaindiaren egoitzan, Iñaki Murua lehendakariak esan zuen «bertsolariaren lana» dela hemen protagonista, eta Bertsozale Elkartea ez dela beste «girnalda eta lore» asuntotan sartuko. Atzo errepikatu egin zuen ideia hori, eta atzoko toki-aukeraketa ere sintomatikoa izan zen: Bertsozale Elkartearen egoi-tzan bertan egin zen ekitaldia.
Berez aurkezpen soziala zen atzokoa, baina praktikan gehiago izan zen 'ad intra'. Azaldutako gehien-gehienak bertsolariak eta Bertsozale Elkarteko kideak izan ziren. Apenas zegoen gizarteko beste arloetako kiderik. Orain gogora-tzen garela, Joan Mari Larrarte (Berria Taldeko arduradun nagusia), Zigor Etxeburua (Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendaria), Castillo Suarez (olerkari eta euskara-teknikaria) eta Ainara Otaño (Petritegi sagardotegiko nagusia).
Igelaren Bandak eman zion hasiera ekitaldiari, arratsaldeko 7:30ean. Besteak beste, saioetan sarri entzun ohi diren bertso-doinu batzuk eskaini zituzten Bixente Martinez, Amaiur Cajaraville eta Hasier Oleagak. Eta haien ostean, hemendik aurrera asko entzungo den doinu bati ekin zioten: hamaseigarren txapelketa nagusi honetako doinua, hain zuzen ere. Hirukote hauxe baitugu sintonia horren aita. Jazz kutsuko pieza instrumentala da, herri-musika eta doinu garaikideak uztartzen dituena.
Gero, bailarako bertso-eskola bateko hiru mutikok jardun zuten bertsotan, lelo hau hartuta: «Jantzi kaskoa ta lotu gerrikoa / hastera baitihoa Euskal Herrikoa». Eta saio labur haren ostean antzezpen bat etorri zen: irudikatu zuten Juan Ignazio Iztuetak bere liburu batean jasotako 1802ko Villabonako bertso-desafioa. Zaldibiko kronistak ida-tzita utzi zuenez, Amezketako Zabala eta Hernaniko Txabalategi bertsolariak aritu ziren lehian, azkenean epaileek berdinketa erabaki zutelarik.
Iztuetarena, garaiko arropaz jan-tzirik, Migel Mari Jauregi 'Altzo'-k egin zuen. Eta bertso-kantari, berriz, Eñaut Agirre hernaniarra aritu zen.
Hitzaldi instituzionala, berriz, Iñaki Murua, Bertsozale Elkarteko lehendakariak egin zuen. Bilboko aurreko aurkezpen hartan bezalaxe, esan zuen propio eta berariaz aukeratu dutela Villabona txapelketaren abaipuntu gisa, «eskerrak emateko hemengo Udalari, Subijana Etxea utzi digulako. Hemen, Villabonako etxe honetan, pozik eta harro gaude, hemen ari gara gauza-tzen gure bi proiektu, Xenpelar Dokumentazio Zentroa eta Mintzola».
Aldamenean entzule zituen bertsolariei ere esan zizkien hitz batzuk lehendakariak: «Hemen dagoen honek inbidia galanta du zuei begiratuta, daukazuen aukera daukazuelako. Beraz, baliatu aukera!».
Eta epaileei, berriz: «Ez daukazue lan erraza. Animo! Txalotuko dizuegu, batez ere asmatzen duzuenean».
Eta esker oneko hitzak izan zituen babesleentzat ere. Babesle Nagusia Bizkaiko Foru Aldundia da; eta besteak Getariako Txakolina, Eusko Label Sagardoa, Hazi-Goi Mailako elikagaiak eta Ampo dira.
Hitzaldia bukatu ostean, hamaseigarren txapelketa honetako protagonista guztiak aldameneko pilotaekura joan ziren, famili argazkia egiteko.