Mikel Iturriotz urretxuarra Gipuzkoako txapeldun
:: FCO JAVIER AGUADO GOÑI
Domingo, 2 de junio 2013, 02:54
Gipuzkoako eskolarteko bertsolaritzaren festa handia ospatu zen ostiralean Tolosako Leidor aretoan. XXXIII. edizioa bete du aurten Gipuzkoako eskolarteko txapelketak, eta Tolosako finalarekin edizio honi bukaera borobila eman zitzaion. Gaztetxoen bertsoak entzuteko gogoz inguratu ziren bertsozalez eta bertsolariz bete ziren Leidor aretoko besaulki erosoak, eta arratsaldeko protagonistek, aurtengo finalistek, ez zuten hutsik egin. Saio ederra eskaini zuten denek ere.
Ohi bezala, hamalau urte arteko txikiak igo ziren lehenbizi oholtzara; Oiartzungo taldea (Xuban Martiarena, Jokin Irastortza, Josu Ibarguren, Aiora Mantxeño), Aretxabaletako taldea (Ixak Sarasua, Haizea Arana, Oihana Arana, Mariaxe Ruiz de Austri), Zarauzko D taldea (Ane Peñagarikano, Jone Makazaga, Irati Tolosa eta Libe Goenaga) eta Goierri-Ordiziako taldea (Iraitz Sarasola, Ane Beloki, Oier Ibartzabal eta Gartxot Ramirez) izan dira aurtengo finalistak, eta maila oso ona eman zuten lau taldeek finalean. Azkenean, Zarauzko taldearentzat izan zen garaipena. Goierri-Ordiziako Ane Beloki eta Oier Ibartzabal ere maila oso onean aritu ziren, eta baita gainerako finalistak ere.
Txikien saioaren ostean, handien txanda iritsi zen (14-18 urte). Aurten inoizko parte-hartzarik handienetakoa egon da maila honetan, 30 bertsolari inguru, eta hauek izan dira finalean kantatzeko aukera izan duten zortzi bertsolariak: Eñaut Martikorena (Hernani), Maialen Akizu Urretxu), Eli Pagola (Hernani), Aitor Irastortza (Zaldibia), Aratz Igartzabal (Gabiria), Mikel Iturriotz (Urretxu), Gemma Urteaga (Beasain) eta Ane Zuazubiskar (Arrasate).
Saio osoan zehar erakutsi zuten zortzi bertsolariek zergatik zeuden finalean kantuan: bertso oso onak entzuteko aukera izan zen denen partetik, batzuk besteak baino hobeto ibili baziren ere. Mikel Iturriotz izan zen txapelduna eta Gemma Urteaga txapeldunorde. Gemmak maila oso ona eman zuen saio osoan zehar baina azkenaldera irristada bat izan zuen eta maila beretsuan ibilitako Mikel Iturriotzek irabazi zuen sari nagusia. Nabarmentzeko modukoak, Gemmak puntuari emandako erantzuna eta Mikelen bakarkako bertsoa.
Bertso jarrietako sariak
Bat-bateko saioen ostean, aurtengo bertso jarrietako maila ezberdinetako sari nagusiak eta aipamen bereziak ere banatu ziren. Sari banaketan erakunde ezberdinetako zenbait ordezkarik, irakaslek, eta bertsolarik hartu zuten parte. Irabazleak Garazi Irastortza (LH 3 eta 4), Joane Aldalur (LH 5 eta 6), Jokin Gabilondo (DBH 1 eta 2), eta Haritz Mujika (14-18 urte) izan ziren.
Behin herrialdeko txapelketa amaituta, Euskal Herriko eskolarteko txapelketara begira daude bertsozaleen begiak. Aurtengo ekinaldia Orion izango da, ekainaren 22an, larunbata, egun osoz, goizean txikiak eta arratsaldean handiak. Txikien mailan Zarauzko taldeak kantatuko du beste herrialdeetako taldeekin batera eta handien mailan Mikel Iturriotzek eta Gemma Urteagak. Festa borobila izatea espero da, tartean elkarrekin bazkaltzeko aukera ere izango baita Orion.