II. Udarregi sariketako lehen bertso saioa izango da larunbatean
Goierri aldeko sei bertsolari arituko dira bertsotan etzi eguerdian Agerialden finalerako txartela lortu nahian
JOSU ARANBERRI
Jueves, 13 de septiembre 2012, 03:40
Bota Punttuba bertso eskolak Udarregi Sariketa antolatu du bigarren aldiz. Bertsolari beterano eta gazteen arteko bertso-lehia ikusgarriaz gozatzeko aukera izango da berriz ere Usurbilen iazko edizioak izandako arrakastaren ondoren larunbatean hasi eta azaroaren 17an amaituko den ezohiko txapelketa honen bidez.
Hiru saio jokatuko dira; finalaren aurretik bi finalerdi izango dira. Bata, irailaren 15ean, larunbat honetan, Ageri Alden eta bigarrena urriaren 12an Aginagako San Praixku jaien barnean. Final handia berriz, azaroaren 17an.
Larunbatean Agerialden izango den bertso-bazkarian jokatuko da lehenengo finalerdia. Sei bertsolari beteranok parte hartuko dute 14:00etan hasiko den ekimenean. Bota Punttuba bertso eskolako kideen arabera hauxek izango dira bertan parte hartuko duten bertsolariak: Xabier Zeberio, Mikel Mendizabal, Iñaki Murua, Altzo Txiki, Jokin Matxinandiarena eta Millan Telleria. Bertso-bazkari honetara joateko txartelak erosteko azken eguna izango da gaurkoa. 18 eurotan daude salgai, Txiriboga eta Txirristra tabernetan.
San Praixkuetan jokatuko den bigarren finalerdian parte hartuko duen bertsolari gazte seikotea, berriz, hauxe izango da: Miren Artetxe (Hendaia), Unai Gaztelumendi (Añorga), Amaia Iturrioz (Urretxu), Ander Lizarralde (Oiartzun), Iban Urdangarin (Ataun) eta Nekane Zinkunegi (Errezil).
Saio bakoitzetik hiru bertsolari sailkatuko dira azaroaren 17an jokatuko den final handirako. Orduan bai, izango dira aurrez aurre bertsotan bertsolari beterano eta gazteak.
Iaz antolatu zuen Bota Punttuba Bertso Eskolak Udarregi Sariketa lehenengo aldiz eta Ane Labaka lasartearra izan zen irabazlea. 90 pertsona inguru bildu ziren Ageri Alden bertsolari gazte eta beteranoen arteko desafioaz gozatzera. Ane Labaka, Patxi Etxeberria, Luis Otamendi, Aitzol Barandiaran, Olaso eta Maialen Velarde izan ziren final honetan parte hartu zuten bertsolariak eta saio bikaina burutu zuten.
Bertso saioaren amaieran Olaso bertsolariak jaso zuen Ageri-Alden bildu ziren entzuleen saria eta epaimahaiak Ane Labaka izendatu zuen belaunaldi desberdinetako bertsolariak aurrez aurre jarri zituen I. Udarregi sariketako txapeldun.
Diaporama emanaldia gaur
Bestalde, gaur 19:30ean hasita, Sutegi eraikineko auditorioan 'Lainopean' diaporama eskainiko du Iñaki Agirresarobe usurbildarrak. Berau lanbropean agertzen diren argazkiz osaturiko bilduma da eta 30 minutuko iraupena izango du. Ez da herritar honek aurkezten duen lehen diaporama emanaldia. Aurten bertan 'Gertu gertutik' lehen planoez baliatuz egindako diaporama eskaini ere eskaini du.