Dena prest dauka Zerainlab-ek larunbatean jokatuko den bertso finalerako
ION MUÑOA
Jueves, 28 de abril 2016, 00:12
'Bertso txiki, saio handi' bertso desafio bereziaren azken saiorako, final handirako, dena prest dauka Zerainlab elkarteak. Belaunaldi ezberdinetako bertsolariak elkarrekin kantuan jarri, herritarrok bertsoarekin gozatu eta herriko ekonomia bultzatu nahi duen ekimen berezi honek larunbatean itxiko du aurtengo edizioa. Apirilaren 8an eta 15ean bi finalerdiak jokatu ziren, eta entzuleek hala erabakita bi bikote sailkatu ziren datorren larunbateko finalerako. Alde batetik, Aratz Igartzabal gaztea eta Jabier Zeberio beteranoa, eta bestetik, Eneko Araiztegi gaztea eta Mikel Mendizabal beteranoa. Bi bikote hauek arituko dira desafioan, larunbateko egun guztiko festan.
Egitaraua
Eguerdiko 12:00etan lehen bertsoaldia Liztormendi elkartean egingo dute. Handik Mandio tabernara igoko dira eta 13:00etan hantxe izango da bigarren bertsoaldia. Bietan entzuleek emango dituzte puntuak gehien gustatzen zaien bikotearen alde. Ondoren, 14:00etan, bazkaria izango da pilotalekuan, Ostatu jatetxekoek prestatuta. Eta bazkalostean, 17:00etan, finaleko azken saioa jokatuko da pilotalekuan bertan jarritako oholtzan.
Orain arteko bi finalerdietan bezala, bertsoaldi bakoitza irekia izango da entzutera joan nahi duten guztientzat, herrikoentzat zein kanpokoentzat. Eta bertsoaldi bakoitzaren ondoren bertan daudenek emango dute puntuazioa eta horren arabera erabakiko da zein den lehen edizio honetako bikote irabazlea. Bazkaltzeko erreserba egitea ezinbestekoa da Ostatu jatetxera deituta (943.80.17.99 telefonora) edo Mandio tabernan dagoen zerrendan.
Arratsaldeko 17:00etako saioa ere irekia izango da, bazkaltzera ez joan arren, kafea hartuz gerturatu nahi duenarentzat.