Bidea erakusten ari diren enpresentzako sariak

SARA SANTOS

Euskal arropa marka, Getariako Miren Fuldain Farmazia eta Elkar Fundazioko Jon Jaka eta Joxemari Sors saritu ditu aurten Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak

N. AZURMENDI

Ostiral honetan Donostiako Tabakaleran, erakundeetako eta euskalgintzako ordezkari ugariren aurrean, Bai Euskarazi Ziurtagiriaren Elkartearen sariak jaso dituztenek ez dute erraz ahaztuko saioa. Arlo sozioekonomikoan euskararen normalizazioa sustatzearen alde egindako lanaren aitortza publikoa jasotzeaz gain, alegia, mago laguntzaile izateko aukera ezohikoa izan dute, magiaz beteriko ekitaldian.

Sariak jaso eta eskertzeaz gain, bikain aritu ziren Tor Magoaren esanetara 'Zergatik' arropa enpresako Itziar Oiartzabal zuzendaria eta Ianire Soraluze diseinatzailea; botika Getarian duen Miren Fuldain farmazialaria eta Elkar Fundazioko Joxemari Sors eta Jon Jaka.

Euskararen eta euskal kulturaren sustapenean ibilibide oparoa duen Sors-Jaka bikoteak, erretiroa hartu berritan, Bai Euskarari Laguna saria jaso du. Ezagutzatik eta eskarmentutik, «borondatea, profesionaltasuna, elkartasuna eta konpromisoa» aldarrikatu dituzte, horiekin batera "inbertsioak eta legeak» ere behar direla gogoratuz.

Zazpi urte daramatza Euskararen Ziurtagiriaren Elkarteak sarion bitartez euren enpresa edo komertzioetan euskara modurik egokienean txertatzen duten konpainia eta profesionalen ahalegina eskertzen. 2017ko ekitaldia, baina, berezia izan da, Zinemaldi amaitu berriaren oihartzunak berpiztu dituen ekitaldi zainduan Ziurtagiriaren 10. urteurrena ere ospatu baita, lagunarteko festa giroan.

Ziurtagiri bat baino gehiago

Urtebetetzearen garrantzia nabarmendu du hasierako hitzalditxoan Elkarteko zuzendari Rober Gutiérrezek, egindako bidea oroituz eta aurrera begirako erronkak aipatuz. Kontseiluak 2000. urtean sortutako Bai Euskarari Ziurtagiriaren inguruko proiektua "sendotzeko eta gidatzeko" sortu zen 2007an Elkartea. Ziurtagiriaren kudeaketa ere haren esku dago geroztik, eta urtero biltzen dira enpresa berriak eguneroko jardunean –barnekoan zein jendaurrekoan– euskarari toki gero eta zabalagoa ematea helburu duen dinamikara. Aurrerapenak egiaztatzeaz gain, aholkularitza eta laguntza eskaintzen dien Ziurtagiriaren Elkartea urrats guztietan dute bidelagun.

Arlo horretan euskararen presentzia sustatzea, hain zuzen, "komunitatea sendotzeko" bide bat da Guiérrezen hitzetan eta, horrenbestez, "ziurtagiri bat baino gehiago" da Bai Euskarari Ziurtagiria. Hasierako asmo hura garatzen eta osatzen joan dela azaldu du, ekimenaren hedapena zabaltzea ahalbidetu duten 'Enpresarean' enpresen arteko foroa edota 'Lansarean' lana euskaraz eskaintzeko eta aurkitzeko online plafaforma aipatuz.

Aurrera begira, "euskara baliatu beharreko baliabide" bilakatzea da erronka nagusia, eta euskarak "balioa eransten" duela ulertzen duten enpresen kopurua handitzea. "Ezinbestekoa da horien rol aktiboa eta konpromisoa", esan du.

Osagai bereizgarria

Horrelakoak dira, hain zuzen, aurtengo sariak jaso dituzten enpresak. Farmazia herri euskaldun batean, Getarian, daukan Miren Fuldainentzat eta bere lankideentzat, "naturala" da bezero euskaldunei euskarazko zerbitzua ematea, "errespetu" kontua batik bat. Farmazialari Euskaldunen Elkarteko kide ere baden Fuldainen hitzetan, horregatik hartu zuen bere gain lantalde osoak euskaraz aritzeko konpromisoa, Ziurtagiriaren Elkartearen laguntzarekin sistematizatu eta gauzatu duena.

Emakumeentzako arropa diseinatzen eta saltzen duen 'Zergatik' enpresak, berriz, Euskal Herrian ez ezik (Donostian, Bilbon eta Iruñean ditu dendak) nazioartean ere badihardu, on line salmentari eta zenbait saltokitan duen presentziari esker. Itziar Oiartzabalek eta Ianire Soraluzek jaso duten saria pantaila bidez eskertu du orain dela 16 urte egoitza nagusia Urnietan daukan enpresa sortu zuen Aitor Arbeloak.

Izenetik hasita, enpresa sortu zenetik "'Zergatik'-en izaeraren eta kulturaren osagai nagusietako bat da euskara", euskal modaren arloan erreferentziazkoa den markaren balioetako bat hain zuzen. Eta ahaleginari eusteak esfortzua eskatzen badu ere, ez da zama, balio erantsia baizik. Bertako dendetan, "bezero euskaldunek estimatzen dutelako" eta turistei ere "atentzioa ematen dielako". Gero eta homogeneoagoa den mundu zabalean, berriz, markaren bereizgarrietako bat delako. Eta, gaur egun, berezia izatea ez da batere erraza, are gutxiago modaren munduan.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos