Sustrai Colina sailkatu da Bastidako finalaurrekoan bigarren itzulirako

Sustrai Colina, bigarren eta hirugarren sailkatu diren Igor Elortza eta Agin Laburu begira dituela./GARI GARAIALDE/XDZ
Sustrai Colina, bigarren eta hirugarren sailkatu diren Igor Elortza eta Agin Laburu begira dituela. / GARI GARAIALDE/XDZ

Saio borobila izan zen atzokoa, nahiz eta goraldi handiegirik ez izan. Hurrengo finalaurrekoa Irunen jokatuko da, asteazkenean

BIANDITZ IRAOLA

Sustrai Colinak irabazi zuen atzo Bastidan, 980 bertsozale ingururen aurrean, Txapelketa Nagusiko lehen finalaurrekoa. Bigarren itzulian aritzeko txartela eskuratu du zuzenean Colinak eta Amurrioko saioan oholtzaratuko da berriz ere azaroaren 19an. Gainerako bertsolariek lehen itzuliko beste saioetan gertatzen denaren aiduru egon beharko dute.

Bertsoaldi borobilak izan ziren, nahiz eta goraldi handiegirik izan ez zen. Oso lan erregularra egin zuen Colinak, eta goia jo zuen kartzelakoan. Gonbidatu gabe azaltzea erabaki zuen pertsonaren azalean jarri zituen gai-jartzaileak. «Gugan daukagun zornea familira al dakargu / pelikulako gaiztoa norbaitek izan behar du» esanez hasi, eta honela bota zuen bigarrena: «Nahiz ta enukeen nahi zure atsaldea zapuztea / nik ere ez al dut merezi globo batzuen puztea / guraso dibortziatuon betiko buru-haustea / ez al da minak gordeta irrifarrak biluztea / tokatzen zaigu rutina berezko bati eustea / eta elkarren aurrean muturrik ez itsustea / nahiz ulertu nahi zendula ni bazter baten uztea / haurrak ez al du merezi bere aita ikustea»

.Zortziko txikian Nahikari Gabilondorekin aritu zen. Biltegi bateko langileak kamioiak kargatzen, Gabilondo hamargarrenez atera zen kanpora, zigarroa erretzera. «Agudo jarraitzeko lanari kolpeka / zigarroak erdizka uzten ditut eta» esan zion zarauztarrak. «zuk egiten duzula doitsut bazpare / zigarroa erdizka ta lana egin gabe» erantzun zion atzoko irabazleak. Zortziko nagusian sakontasunez hasi zen saioa. Jon Martin eta Igor Elortza kazetariak ziren, lan egiten zuten komunikabidearen ideologiarekin bat ez zetoztenak. Seiko motzean ere txukun aritu ziren seiak. Jone Uria eta Agin Laburu zahar egoitza batean bizi ziren, eta maitemindu egin ziren. Laburuk aurrerantzean gela berean batera lo egitea proposatu zion.

Bigarren finalaurrekoa datorren asteazkenean izango da Irunen, azaroaren 1a jaieguna dela baliatuz. Internet bidezko sarrerag agortuta daude, Turismo Bulegoan dauzkaten azkenan . Handik hiru egunetara, larunbatean, izango da Maule-Lextarren hirugarren hitzordua.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos