Bi aldiz txapeldun: Basarri eta Lazkao Txiki sariak irabazi ditu Ekaitz Goikoetxeak

Ekaitz Goikoetxea, artxiboko irudian

Gertuko dituen bi gai konplexu hautatu zituen idatziz lantzeko. Lehenik, suizidioa. Bigarrenez, itxura

DVDonostia

Lehiaketa literarioen podiumera igo da Ekaitz Goikoetxea bertsolaria. Basarri eta Lazkao Txiki bertsopaper sariak irabazi berri ditu, azken bi sari hauek hirugarren urtez jarraian gainera. "Ordu askoan mimoz ondutako lanaren ondorio", uste du Goikoetxeak.

Bertso jartzaileen zifran gorakada egon denez, idazleak badaki "saritu gabeko hainbat lan ere maila bikainekoak direla. Zenbaitetan ñabardura txikiak izaten dira sariak nik edo beste batek irabaztea eragiten dutenak, unean uneko epaimahaiak, hautatutako gaiak… Niretzat saririk ederrena lehiaketaz lehiaketa hainbeste lan bikainen artean nire lanak nabarmentzeaz harago, epaimahaikide eta bestelako irakurleengandik jaso ditudan iritzi eta mezuak dira".

Bolada kontua ere izaten da, "hamahiru urte igaro nituen hiru bertso baino gehiagoko sortarik borobildu ezinda. Orain asmatzen dut esatekoa esan nahi dudanera esan nahi dudan moduan arrimatzen eta errimatzen". Horregatik, inspirazioa luzerako etorri izana espero du.

Basarri Sarian urte bakar batean eta sari bakarra irabaztea oso zaila dela badakien arren, hiru urtean jarraian saritua izan da Goikoetxea. 16 lagunek hartu dute parte eta maila handiko beste hainbat bertso jartzaileren lanak izan dira tartean. Berak bi lan bidali zituen eta biak izan dira sarituak. "Poz ikaragarria" barrendu diote sariok horregatik.

"Baina aurten Basarrikoak adina edo poz handiagoa eragin dit Lazkao Txiki bertsopaper lehiaketako sariak. Urte askoan ez dut bertso sortarik aurkeztu. Aurten baina, hainbat arrazoi banituen bertsoak aurretiaz prestatu eta aurkezteko. Hogeita bost urte ospatzen ziren lehiaketa lehen aldiz antolatu zenetik, lehiaketako oinarriak argitaratu berritan, lagun batek 1992an Lazkao Txikiren eskutik saria jasotzen ageri nintzen argazki eder bat bidali eta 2017koan, tamalez Joxemiel gabe, baina sarituen argazkian ikusi nahi ninduela esaten zidan. Iaz neuk lanik aurkeztu gabe, berak ezin eta Aner Peritzen saria jasotzen izan nintzen, eta sari-banaketan ere esan nuen lotsa ematen zidala nik lanik bidali ez eta besterenak jasotzeak eta aurtengorako idatziko nituela bertsoak. Eta badakizue, hitza emanez gero, bete egin behar", argitu du bertsolariak.

Suizidioak eta itxura

Gutxienez zortzi bertsoko sortak borobiltzeko, gaiak ahalik ondoen ezagutzea komeni dela uste du Goikoetxeak. Horregatik, gertuko dituen bi gai konplexu hautatu zituen idatziz lantzeko. Lehena, suizidioa. Bigarrena, itxura. "Hamar urtean nire lagunik onena eta oso harreman berezia nuen ikasle ohi bat 'galdu' ditut beren buruaz beste eginda. Iazko transexualitatea bezala, jorratu gabeko gaia da suizidioa, tabua oraindik. Apenas hitz egiten den suizidioaz eta hitz egiten denean zentzu negatiboan eta zurrumurrutik. Lehengoan egunkari batean irakurri nuen 2016an espainiar estatuan 3.600 pertsona baino gehiagok egin zutela bere buruaz beste. Datuak ikaragarriak dira suizidioaz hitzik ere ez egiteko".

Gaia gizarteratzeko garaia dela ikusita, eskoletaratu eta normalizatzekoa, beharra ikusi zuen "urtetan pilatutako mina, amorrua, inpotentzia, maitasuna, galderak kanporatzeko. Oso oso barrutik, oso niretik idatzitako bertsoak dira, sakonak eta oraindik erantzunik bilatu ez diedan galderaz josiak. Hiltzeari tira, baina ez dut ulertzen nola izan diezaiokegun horrenbesteko beldurra heriotzaz hitz egiteari".

Landu ohi ez dituzten gaiak gazteei hurbilduz gozatzen du bertsolari eta irakasleak. Bertsoen bidez erakartzen ditu eta "gozatu egiten dute, modu aktiboan ikasi eta ikaragarri eskertzen". Itsu-itsuan sinesten du bertsopaperek "gizartearen eta norbanakoen ongizaterako duten balioan".

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos