Oihana Arana eskoriatzarra txapeldun
Bere lehenengo finalean Gipuzkoako Eskolarteko txapela jantzi du, eta bigarren Jokin Irastortza oiartzuarra sailkatu da
FELIX IBARGUTXI
Lunes, 3 de abril 2017, 10:36
Oihana Aranak jantzi zuen atzo txapela Gipuzkoako Eskolarteko 37. Bertsolari Txapelketan. Hamabost urte ditu eta eskarmentu dezente gehiagoko lehiakideei nagusitu zitzaien. Eskoriatzakoa da eta Aretxabaletako Lekaixoka bertso-eskolan ari da trebatzen, irakasle Martin Berrizbeitia duelarik. Bigarren tokian Jokin Irastortza oiartzuarra gelditu zen. Bai batak bai besteak lehenengo finala zuten.
Hamabost, hamasei eta hamazazpi urteko lau neska eta lau mutil lehiatu ziren atzo Azpeitiko Soreasu antzokian: Ane Beloki (Legazpi), Oihana Arana (Eskoriatza), Itziar Mendia (Beasain), Libe Goenaga (Getaria), Andoni Mujika (Hernani), Iker Ormazabal (Hernani), Urko Arregi (Oñati) eta Jokin Irastortza (Oiartzun).
«Oso urduri» hasi zela esan zuen txapeldun berriak. «Ez nuen espero hain ondo ibiltzea», aitortu zuen segidan. Txapela, orain aste gutxi hildako Juan Mari osabari eskaini zion, eta baita Haizea ahizpa bikiari ere. Saio hasierako agurreko bertsoan, «inoiz baino hobeto nahi dut egin hegan» kantatu zuen, eta esana egia gertatu azkenean. Txapela Jose Luis Gorrotxategik, Erniarraitz Bertsozale Elkarteko kideak eman zion. Azpeitia-Errezil-Zestoako elkarte honek badu neska-mutikoentzako bere bertso-eskola ere, baina aurtengo Azpeitiko finalean ezin izan du inor 'sartu'.
Bigarren sailkatua, Jokin Irastortza, Oiartzungo bertso-eskolan ari da ikasten, irakasle 'Xamoa' duelarik, eta modu informalago batean herriko soziedade batean ere aritzen da, astean behin.
Goizeko 11etan eman zitzaion hasiera bertso-saioari. Ikusleen artean, bertso munduko aurpegi ezagun batzuk bazeuden, hala nola Bertsozale Elkarteko gaur egun lehendakaria, Iñaki Murua, eta lan horretan urte asko emandako Imanol Lazkano ere bai. Baita ere Mikel Mendizabal, txapelketa hau antolatzen hamarkadak emandakoa. Bertsozale Elkartea eta Ikastolen Elkartea dira antolatzaile.
Bost kanporaketa
Eskolarteko Bertsolari Txapelketari otsailaren 17an eman zitzaion hasiera eta bost kanporaketa jokatu dira Legazpin, Lasarte-Orian, Oñatin, Altzon eta Orion, guztiak bertso afari formatuan. Bost kanporaketa hauetan parte hartu duten 33 bertsolarietatik zortzi sailkatu ziren atzoko finalerako. Txapeldunak eta txapeldunordeak ekainaren 10ean Saran ospatuko den Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketan kantatzeko aukera izango dute.
Bakarkako lan batekin hasi zuten bertsolariek beren jarduna. Lau oinak emanda, zortziko txikia osatu behar zuten. Oihana Aranak ez zuen ongi jardun, askoz hobeto aritu zen Jokin Irastortza, adibidez. Urko Arregi Markuleta oñatiarrak ere lan ona egin zuen ariketa horretan, bukaera hau emanez: «Pena ezin dudala egin hau berriro». Alegia, esan nahi zuen hauxe duela azkeneko finala, datorren urtean hemezortzi urteak beteak izango dituelako. Maider Arregi Markuleta, 2014an Gipuzkoako nahiz Euskal Herriko txapeldun gelditutakoa, Urkoren arreba da, eta atzo Soreasu aretoan zen anaiari bultzada emateko.
Binakako lehenengo ariketa etorri zen gero. Zortziko handia osatu behar zuten, eta Ane Belokik eta Oihana Arana txapeldunak osatu zuten lehenbiziko bikotea. Hau zuten gaia: «Lagunak zarete. Zuk, Ane, lasai hitz egiten duzu masturbatzeaz. Oihanari, aldiz, ez zaio gustatzen bere intimitatea kontatzea».
Gorputza «tximeletaz betea» sentitzen zuela eta «lasai, normala da» esanez ekin zion Belokik. Oihana Aranak erantzun indartsua eman zion: «Hainbeste kontatu behar izana / sexu falta seinale da».
Gero Libe Goenaga eta Urko Arregi jardun ziren elkarrekin zortziko txikia osatzeko ahaleginetan. Hau zuten gaia: «Zu, Libe, tabernaria zara. Urko egunero sartzen da zure tabernako komunera, eta ezer kontsumitu gabe alde egiten du». Goizeko momenturik umoretsuena izan zen, batik bat Arregiren esanei esker. Hasi zen esaten kaka egitera sar-tzen zela tabernako komunean, eta honela bukatu zuen lehen bertsoa, Liberi begiratuz: «Debalde uzten dizut anbientadorea». Eta bigarren bertsoan: «Paperarekin ibiltzen naiz larri / hurrengoan, mesedez, toallitak jarri!». Libe Goenagak, gogaitu plantak eginez, honela despeditu zuen laguna: «Alanbre puskak jarriko dizkizut».
Bukaera aldera, bakarkako beste lan bat izan zuten: bertsoa osatu behar, neurri librean, baina gehienez bost puntukoa. Oihana Aranak gai hau jorratu behar zuen: «Abeslaria zara eta konturatu zara ahotsa urratzen ari zaizula». Arrazoi on bat erabilita gainditu zuen ariketa: esanez Anari kantari onena dela, nahiz ahotsa erdi urratuta daukan.
Jokin Irastortzari berriz, gai hau egokitu zitzaion azken txanpa horretan: «Umetan zurekin ikasgelan ibilitakoak afaria egitekoak dira gaur. Zalantzan zaude, joan edo ez». Bukaera hau eman zion: «Sentitzen ditut nere etsaiak / sentitzen ditut urrunak /orain zergatik datoz nigana ? / lehen ez baziren lagunak?».
Bat-bateko saioen ostean, bertsopaperen lehiaketako sari-banaketa etorri zen. Txikienen arloan, Salbatore Mitxelena ikastolako June Izagirre gertatu zen txapeldun; LH 5 eta 6koen sailean, Nikolas Contreras ataundarra; DBH 1-2ko atalean, Oinatz Otegi zizurkildarra; eta DBH 3-4 eta Batxilergokoen sailean, Ane Beloki Lopez legazpiarra.