Diario Vasco

Hiri handietan ere aurkitu du tokia Zuberoako pastoralak

fotogalería

Urdinak urdinekin, gorriak gorriekin, eta erdian, zuri-zuri, Eliza. / LUSA

  • Baionan prestatu eta estreinatutako ‘Katalina de Erauso’ pastorala Donostiako Victoria Eugenian antzokian aurkeztu zuten atzo

Erdi Arotik datorren laborari giroko herri antzerkia izateko, ez du bidaia makala egin Zuberoako pastoralak XXI. mendera eta hiri handietara egokitzeko, jatorrizko ezaugarriak galdu gabe.

Katalina de Erausori buruzko pastorala prestatzen hiru urte eman dituzten Baiona eta inguruetako euskaldunek –xiberotarrak jatorriz asko eta asko– horixe erakutsi zuten atzo Donostian. Egokitu dute normalean atari zabalekoa den emanaldia antzokietara, eta doitu dute iraupena, asko laburtuta garai batekoa, baina bere izaerari eusten dio pastoralak. Zintzoak joaten dira bandera urdinaren atzetik eta sartu-irtenak ere egite dituzte ate urdinetik; gaiztoek kolore gorria dute erreferentzia banderarako zein aterako, eta bien erdian daude, zuri-zuri, Elizaren ordezkariak. 6tik 75 urtera bitarteko 150etik gora lagunen lana dago, berriz, ikuskizunaren atzean. Aktore-kantariena eta Azpeitia-Azkoitiko Sahatsa taldeko dantzariena bistakoa izan zen, baina ezin dira aipatu gabe utzi beste lan batzuk, jantzi dotoreak egin dituzten jostunena kasu.

Kultur Hiriburutzaren harira Donostia eta Baionaren arteko elkarlanean oinarritu den ‘Katalina de Erauso’ pastoralak, izen bereko XVI. mendeko emakume donostiar gerlariaren bizitza kontatzen duenak, hala ere, hautsi ditu zenbait marka. Lehena, protagonista emakume bat izatea. Bigarrena, ikuskizunaren ardura nagusia ere emakumeen esku egotea. Hala, desfilea ireki zuten (ezkerretik eskuinera goiko argazkian), Pantxika Urruty eta Maitena Lapeyre errejentsek, Sophie Larrandeburuk, Maite Idirinekin batera kantuak zuzendu dituenak, eta Maite Berrogain testuaren egileak.

Atzo Donostian mugitzea gauza konplikatua bazen ere, egin zuten pastoralak ezinbesteko duen desfilea, eta hiria bezala bete-beteta zegoen Victoria Eugenia antzokian amaitu zuten bidaia arrakastatsua.