Borrar
Xabier Amuriza, artxiboko argazkian.

«Aurrerantzean ere saiatuko naiz 'outsiderra' izaten»

«Gauza gehiago lortzen ahalegintzen ez bazara ez zabiltza ondo» dio Xabier Amurizak. Plazatik at, bere kasa «eta isilean» saiatuko da gauza gehiago lortzen

felix ibargutxi

Sábado, 7 de mayo 2016, 14:56

Plazatik erretiratu egin da Xabier Amuriza. 75 urte betetzen zituen egun berean maiatzak 3 jakinarazi zuen erabakia.

Hala ere, uste dut azkenaldiko bertso-saio batzuetan ere esana zenuela zerbait.

Urtero izaten ditut saio finko batzuk eta antolatzaileei adierazi nien, bai, hurrengo urtean beste norbaitekin kontatu beharko zutela. Gertuko lagunarteak ere bazekien. Eta baita Durangaldeko bertsoeskolako jendeak ere. Horiek omenezko ekitaldi batzuk prestatzen ari dira. Zeozer prestatzen ari ziren eta garbi esan behar nien maiatzaren 3an emango nuela ofizialki nire erabaki horren berri.

Eta azkenazken saioa Altzon izan duzu, ezta? EuskalTelebistak hango irudi batzuk eskaini zituen, uste dudanez.

Saio hori urterokoa izaten dut. Eta Legazpirako eta Bilborako ere onartu nuen. Haiek ere bazekiten zerbait.

Lasaitua hartuko zenuen.

Bai! Handia! Azkenean, erabaki hori hartu behar nuen, baina ofizialdu bitartean kezka izaten duzu, norbera nola egongo den, jendeak nola hartuko duen... Altzoko azken bertso-saio horretan zirrara handia sentitu nuen, eta Euskadi Irratian esan nuenean zirrara ez ezik askapena ere bai. Plazako ibilera horiek ez dira adin honekin, 75 urtekin egitekoak.

ETBk emandako irudi haietan, alaba Miren ageri zen zure ondoan. Eta oso hunkituta, ematen zuenez.

Bai, noski. Etxean bagenekien denok zer etorriko zen, eta gainera alaba prestaketa-lanetan ari da, egingo didaten omenaldi horren prestaketan, alegia. Altzoko antolatzaileek aita-alabak nahi zituzten, egun historikotzat jotzen zutelako. Denok egon ginen negar-puntuan, bera eta ni ere bai. Gainera, Altzo lagun asko ditudan herria da: Lankuko arduraduna, Marta, han bizi da, Bertsozale Elkartean idazkari izan zen Jexus Murua ere bai...

Esana duzu bertso-martxa hori gauza gogorra dela: kilometroak, gauez, ordu txikietan ere bai...

Altzotik bertatik ere goizeko 4retan iritsi ginen etxera. Pozik, baina berandu. Esaten nion alaba Mireni: begira ibilera hauek nolako diren. Euria ari zuen eta euriarekin asko iluntzen dira errepideak. Jendaurrean bertsotan 51 urte eman ditut, seminarioan erdi-ezkutuan bertsotan hasi nintzela 60 dira. Nahikoa da. Nik bertsolaritzan egin beharrekoa egin dut. Gero jaietan izaten den giroa beti izaten da burrunbatsua, eta edan behar duzu jende-klase askorekin... Beste gauza batzuk ere egin nahi ditut, eta ahal dela horietan nabarmendu. Zuk inoiz esan zenidan outsider bat nintzela eta miresten dituzula outsiderrak. Aurrerantzean ere saiatuko naiz outsiderra izaten, baina nire kasa eta isilean.

Aste honetan mahai-ingurua izan da Maialen Lujanbio eta Amets Arzallusekin, eta zutaz ere jardun ziren. Esan zuten bide nagusietatik apartatu izan zarela, adibidez-aspaldi erabaki zenuela gai-jartzaileei uko egitea eta soilik plaza librean jardutea.

Batzuetan ausarta ematen dut, baina nahiko koldarra naiz. Hala ere, erabaki bat hartzen badut, hori betetzerainoko ausardia badut. Emandako gai baten inguruan bertsotan jarduteari uzte hori, adin batekin etorri zen, 55 bat urte nituela. Ikusi nuen gusturago nenbilela neure bidea eginez, librean, binaka eta horrela. Gainera, ordurako bazeuden beste txapeldun handi batzuk atzetik, Egaña eta Lizaso, eta Maialen ere nabarmentzen hasia zen. Ez nintzen erreferente bat plazan. Jendeak uste zuen niri gehiago komeni zitzaizkidala gaia jarritako saioak, eta egia da lan horietan bertsolari egokia naizela, baina denboraren poderioz ikusi nuen niri gai topiko eta lehor xamarrak tokaten zitzaizkidala, eta marroiak ere bai. Harrezkero beste gauza batzuk ere egin nituen: bi ikuskizun Xalbador, bat-bateko mirakulua eta Lazkao Txiki, bat-bateko sorgina, koplak, kantak... Inkonformista izan naiz, konformismoa ez da ondo ibiltzeko modua, gauza gehiago lortzen ahalegintzen ez bazara ez zabiltza ondo. Berdinean konforme... horrela ez zara plazara gustura aterako.

Bertsolarien familian zeintzuk izan dituzu benetan adiskide?

Bertsolaritzak gauza bat dauka, zuk hautatu gabeko formatu batean egin behar duzu lana. Lagunak ez dituzu zuk aukeratzen, deitzaileak baizik. Hasieran, Azpillaga eta Lopategi zebiltzan asko, eta haiengana arrimatu nintzen. Hirurok batera plaza asko egin genituen. Gero beste hainbat lagunekin. Beti esaten dudana: laguna edo kontrario, nik nahi dut beti hark ondo egitea, ni luzitu nadin. Aldamenean tokatu zaizkidan bertsolari guztienganako kariño handia sentitu dut. Bertsolaritzak horixe eman dit: kariño-sentsazio handia, bai jaso dudana bai eman dudana.

Omenaldia egingo omen dizute aurki.

Bai, lau ekitaldi daude, bat nik egingo dudana, hil honen 19an, Bilboko Bidebarrieta aretoan. Antolatzaileei esan nien egun bat neuretzat nahi nukeela.

Bai, zerbait entzun dut: zure nobela berria izango den horretan oinarritutako testuren bat irakurriko omen duzu.

Monologo literario bat izango da, izenburu honekin: Zein ongi bizi zen Ulises. Oraindik argitaratu gabe dudan nobela horren halako laburpen bat izango da. Eta azpititulu hau ipini diot: Dibertimendu arioso bat. Eta ez airoso, hedabideren batean ikusi dudan bezala. Ariatik baitator, badakizu, kantatzen den aria horretatik. Eta beste ekitaldiak ekainaren hirugarren astean izango dira, Durangaldeko bertsoeskolak antolatuta. Badakit Andoni Egaña eta Kepa Altonaga Back to Leizarraga idatzi duena izango direla hizlarietako batzuk. Badakit beste ekitaldi batean, Durangoko kafe antzokian, kantari mordo bat ariko dela. Kanta-letra asko egin baititut nik.

Bai, batzuk oso ezagunak, adibidez Imanolen Mendian gora eta Oskorriren Euskal Herrian Euskaraz.

Pentsatzen dut Anje Duhalde, Natxo de Felipe, Joseba Tapia eta Josu Zabala ariko direla, baina zehazki ez dakit. Niri ez didate esan.

Zu izan al zara bertsolari sotanadun bakarra?

Ez, behin, Aizarnatik Mikel Atxaga zenak deitu zidan eta han bi apaiz jardun ginen bertsotan sotana eta guzti, Joxe Agirre, Joxe Alkiza esaten zioten bat eta biok. Hark bertsotan elegante egiten zuen. [Alkizako erretorea izan zen denbora askoan Joxe Agirre, 1933an Ibarran sortutako gizona, eta orain erretiratutako apaizen egoitza batean bizi da].

Euskal Herriko txapela bi aldiz irabazi zenuen 1980an eta 1982an. Ezohiko bertso moldea zen zurea eta uste dut ezkutuko kontrarioak bazenituela. Inor azaldu al zen kontra publikoki?

Beno, izan zen artikulu bat Euskadi Sioux-en, niri kontra eginez: titulua, gutxi gorabehera, Postxalbadorismoaren dekadentzia. Anonimoa zen, baina jakin nuen nork idatzia zen. Jende kultua. Izenak Enaz banaz liburuan ematen ditut, oker ez banago.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Aurrerantzean ere saiatuko naiz 'outsiderra' izaten»

«Aurrerantzean ere saiatuko naiz 'outsiderra' izaten»