Borrar
Xabier Sukia eta Ane Labaka Zizurkilen jokatu zen saioan.

«Bikain aritu dira Gipuzkoako bertsozaleak, espero bezala»

Sailkapenaren buruan Jon Maia geratu dela, erabaki da Txapelketaren azken erronda jokatuko duten 30 bertsolarien zerrenda

n. azurmendi

Martes, 9 de junio 2015, 09:27

Ataunen saio bana irabazita, Unai Mendizabalek eta Iñaki Gurrutxagak itxi zuten larunbatean udazkenean hasiko den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarako azken errondan izango diren 30 bertsolarien zerrenda. Duela hilabete pasatxo 74 parte-hartzailerekin abiatu zen Gipuzkoa Bertsotanen aritu den bertsolari beteranoena, Jon Maia, geratu da horren buruan.

Zumaiarrak bere bi saioak irabazita lortu dituen 583 puntuek, ordea, hogeita hamarrekoa ixten duen Antton Fernandezen 529,5ek bezainbeste balio dute, zerotik abiatuko baitira markagailuak irailean. Orduan, maiatzaren 9tik ekainaren 6ra jokatu den fasetik helduko direnei orain lau urteko txapelketan lortutako emaitzei esker zuzenean sailkatu diren 13ak batuko zaizkie. Denek ere saio bakarra izango dute finalera bidean urratsak egiten jarraitzeko, edo lasterketatik at geratzeko.

Baina Gipuzkoa Bertsotan ez da izan bakarrik 2015eko txapela nork jantziko duen erabakitzen hasteko atarikoa. Ezta Gipuzkoako 12 herritara bertso-saio bikainak eraman dituen ekimena ere. Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak 2011ko txapelketan erabilitako ereduari jarraiki antolatu duen sailkapen fase jendetsuak, besteak beste, Gipuzkoako bertsozale sarearen sendotasuna probatu du, baita oso sendoa dela frogatu ere.

Ez zeukan horren dudarik Elkarteko lehendakari izatearekin batera gai-jartzaile eta aurkezle ere baden Saroi Jauregik. Txapelketako lanei eutsiz Gipuzkoa Bertsotan aurrera ateratzea biak lotuta daude, baina bakoitzak du bere bidea lan handia izan dela dio, udazkenaz geroztik oso okupatuta dauzkana.

«Altxor handia daukagu»

Elkartearentzat, gai-jartzaileentzat, epaileentzat... Denentzat izan da lantsua bi zereginak uztartzea, baina bestelako egitekorik ere ekarri du hilabeteko bertso-maratoi halakoak: «Aretoak prestatu, aulkiak jarri eta kendu, takilan egon, kartelak jarri... Horiek denak ere egin egin behar dira. Bagenekien bertso eskolak-eta hor egongo zirela, berme osoa eskaintzen zigun bertsozale sareak. Azkenean espero bezala aritu da, bikain. Erakutsi du sendoa ez ezik egonkorra dela. Alde horretatik, altxor handia daukagu».

Lehengaia bertsoa izan da haatik, eta bertsolariak protagonista nagusiak. Alde horretatik ere izan da aberasgarria aurresailkapen eredua. «Txapelketan inoiz aritu gabeko bertsolariak eta lau txapelketatan parte hartutakoak elkarrekin aritu dira, elkarrengandik ikasten», dio Jauregik.

Eskarmentu handi-handikoak lau Txapelketa Nagusitan finalista izandako Maia bera, kasu, eta Eskolartekotik ia irten berriak iazko irabazle Maider Arregi, esaterako aurrez aurre jarri izanak, azken batean, onura baino ez dakar. Eta ez bakarrik bidaia ekaineko geltokian amaitu arren trebatzeko parada bikaina izan dutenentzat: «Gazteenei errodajea falta zaiela igarri zaie, baina txapelketako saioetan ez ezik propio egiten dituzten entrenamenduetan aritzeak asko lagunduko die aurrera begira».

Izan ere, lankidetzarako joera da nagusi. «Oholtzan ez diote elkarri punturik oparituko, baina txapelketarako entrenamenduetan elkarrekin aritzen dira. Kanpoan gelditu direnek eta txapelketan parte hartzeari utzi diotenek ere jarraituko dute udazkenerako sailkatuta daudenekin entrenatzen. Oholtzatik kanpo lagunak eta lankideak dira».

Batezbesteko adina 33 urtekoa izanik, Gipuzkoa Bertsotanen aritu direnen ia heren batek bete gabe dauzka 25ak. Eta gazteenen taldean, emakumeak izan dira nagusi, nahiz eta guztizkoan ez diren herenera heldu. «Koskak hor jarraitzen du, eskoletan asko izanagatik mutilak baino lehenago desengantxatzen dira neskak», dakar gogora Jauregik.

Edonola ere, Gipuzkoa Bertsotaneko saioek erakutsi dute bertsolari harrobia, bertsozale sarea bezala, osasuntsu dagoela. Epaileena ere bai, asko berritu baita taldea. Oro har, Jauregiren ustez, «ezusteko handirik ez da izan, baina neronek sorpresa onen bat izan dut». Eta adi udako saio ugariei, txapelketa modua aktibatuta daukaten bertsolariek baliatuko dituzte eta, agian, berritasunak entseatzeko.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Bikain aritu dira Gipuzkoako bertsozaleak, espero bezala»

«Bikain aritu dira Gipuzkoako bertsozaleak, espero bezala»