Borrar
Bai Horixe

Kultura debalde

Dirua irabaztea zilegi da edonorentzat, baina hemen ere salbuespen batekin, egilea

Arantza Urretabizkaia

Lunes, 7 de diciembre 2009, 02:57

Askatasuna, berdintasuna eta senidetasuna aldarrikatu zuen aspaldian iraultza frantziarrak eta hor gaude, handik berrehun urtetara, aldarrikapena ezin osaturik. Are gehiago, sarritan ez gara hitz horien esanahi zehatza adosteko gauza. Askatasuna, adibidez, ez da gauza bera guztiontzat eta izen eder horren atzean gehiegikeria asko ezkutatzen da. Egunotan hizpide ugari eragin duen adibide bat aipatzekotan, Zapateroren gobernuak web orri batzuk ixteko asmoaren berri izan genuenean, sareen sarea sutan jarri omen zen askatasunari eraso egin zitzaiolakoan. Horrela azaldu dute mugimendu hori hedabide gehienek. Ustez libertarioa den mugimenduak bultzatu omen du gobernua atzera. Askatasun egarria ikusi du askok hor, ez zorioneko deskargak debalde egin ditzagun banda zabala hain garesti saltzen diguten enpresen interesa. Zeren deskargarik egiten ez badugu, zertarako gastatuko dugu dirua banda zabalean? Gainera, askatasun egarri hori beste askoren kaltean oinarritzen da. Hor dago, horren lekuko egile askoren eskubideak kudeatzen dituzten elkarteen kontrako kanpaina zaratatsua. Demagogia jendeari entzun nahi duena esatea bada, leku gutxitan aurkituko duzu hainbeste ahots kulturak beti debalde izan behar duela errepikatzen. Teorian guztien eskubideak defenditzen dituzte, edo ia-ia. Salbuespen bakarrarekin: egilearen eskubideak. Interneten sortutako sua dela-ta, Zapateroren gobernuak atzera egin du. Ez omen dute epaile baten agindurik gabe webik itxiko. Gure debaldeko deskargekin negozioa egiten dutenen lasaitasun hasperena belarri guztietara heldu da. Dirua irabaztea zilegi da edonorentzat, baina hemen ere salbuespen batekin, egilea. Zapaterok une berean zabaldu eta itxi zuen bidea ez da, zinez, egokiena. Baina kontua arautzen eta konpontzen zaila da, Frantzian edo Erresuma Batuan bertako gobernuek dituzten zailtasunak lekuko. Zaila bezain beharrezkoa. Nolabait ezkondu beharko dugu kontu honetan hain handia den askatasun egarria eta kultura lanbide duten egileen eskubidea. Indarrean dagoen legearen arabera, egile eskubideek iraungitze data dute. Enpresari batek betiko uzten dio berak sortutako enpresa ondorengoei, egileak, ordea, ez. Utzi, utziko dizkie eskubideak, baina delako lanak laurogei urte bete bezain laster bukatzen dira ondorengoen eskubideak eta hortik aurrera obra, handia nahiz txikia, jendearena da. Eta oinordetza guztiekin berdin gertatuko balitz?

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Kultura debalde