Zumetaren muralaren 50. urteurrena ospatzeko herri jaialdia antolatu dute Usurbilen
Irailaren 22an eta 23an izango da eta, besteak beste, Oskar Alegriaren 'Zumeta 23' film laburra estreinatuko da
I. Altuna
Donostia
Igandea, 17 iraila 2023, 18:49
2023an, 50 urte bete dira Jose Luis Zumetaren Usurbilgo murala egiten hasi zenetik (1973an hasi eta 1974an amaitu zuen). Urte hasieran, urteurrena ospatzeko ekimen sorta jarri zuten martxan udalak, Zumeta Arte Estudioak, 650 Usurbil Bizi proiektuak eta herriko hainbat eragile biltzen dituen Usurbilgo Kulturguneak.
Honela, herri jaialdia prestatu dute, larunbatean, hilak 23 gauzatuko dena hainbat ekimenekin. Hamarnaka eragilek parte hartuko dute egun horretako ekintzetan, arte diziplina ugaritan aritzen direnak eta eguneko protagonista izango direnak. Besteak beste, herriko sortzaileen arte plastikoen erakusleiho eta tailerrak antolatu dira; Usurbil Museo Irekia bisita girotua ere egingo da eta elkarlan itzeleko 'Xumetik' ikuskizuna aurkeztuko da 22.30ean, muralaren gogoetak dantza, antzerki eta musika bidez azaltzen dituena.
Herriko hiru ikastetxeek ere parte hartuko dute jaialdian. Herriko ondarearen transmisioa helburu, ikasturte berriarekin, margolariaren figuran sakonduko dute, haren ibilbidean eta sorkuntzan, eta jaialdiaren apaingarri izango diren eskulanak egingo dituzte.
Bezperan, irailaren 22an, udalak Oskar Alegria zinemagileari eskatutako Zumeta 23 film laburra estreinatuko da, Zubietan. Zuzendaria bertan izango da, besteak beste, filmean kolaboratu duen Koldobika Jauregirekin eta Manex Urtasun eta Maite Ortiz de Mendibil pilotari-margolariekin batera. Horren ostean, filmaren musika egin duen Peru Galbeteren emanaldia izango da, Peru Galbete eta Gu izenpean. Larunbateko herri jaialdian ere izango da Zumeta 23 film laburra ikusteko aukera, horretarako propio ezarriko den txokoan: Alegriak berak aurkeztuko du, 12:00etan, Mikel Laboa plazan, Galbeterekin batera.