Zortzi euskal poeten antologiak, entzungai
Miren Agur Meabe, Julen Apella, Itxaro Borda, Juan Kruz Igerabide, Itziar Ugarte, Iñigo Astiz, Leire Bilbao eta Harkaitz Cano idazleen lanak GUAU audio plataforman izango dira
DV
Donostia
Asteartea, 8 uztaila 2025, 18:38
Belaunaldi ezberdinetako poetak dira Miren Agur Meabe, Julen Apella, Itxaro Borda, Juan Kruz Igerabide, Itziar Ugarte, Iñigo Astiz, Leire Bilbao eta Harkaitz Cano. Idazle hauek gai eta sentimentu desberdinak landu dituzte beraien lanetan, eta orain, beraien obrak irakurtzeaz gain, entzuteko aukera ere izango da. EITBren GUAU audio plataformak poeta bakoitzaren aukeraketa bat saretuko du.
Autoreek beraiek, beren poesia lanen artetik egindako aukeraketa izango da, poemak beren ahotsean eta ahots goran irakurriz. Asteartero saretuko da poeta baten lana eta jada entzungai dago Miren Agur Meaberena.
Kirmen Uriberen 'Nire ametsetan hogei urte duzu beti' poesia liburuarekin abiatu zuen GUAU plataformak poesia audio-liburu sail hau. Uda honetan zehar beste zortzi poetaren aukeraketak gehituko zaizkio, «euskarazko literaturarekiko konpromisoari erantzunez», nabarmendu dute EITB-ko iturriek.
Entzunezko edukia modu errazean eta erakargarrian eskura jarri eta zabaltzeko helburuarekin hasi zuen bere ibilbidea urte hasieran GUAU plataformak, EITBren apustu digital berriak, audioaren euskal ekosistema bildu eta bultzatzeko eta euskara kontsumo berriak dauden lekuetara iritsi dadila bermatzeko.
Horretarako, irratia zuzenean eta irratsaioak nahieran, aktualitatea klip laburretan, podcastak eta bideopodcastak, audio-liburuak, zuzeneko emanaldi bereziak eta eduki esklusiboak eskaintzen ditu, dibertsitatea oinarri hartuta. Aurrez aurkeztutako Primeran eta Makusiren ildotik sortu du EITB-k marka digital berria, «kontsumo berrietara egokitzeko», adierazi zuten aurkezpen ekitaldian.