Xantalen ermita ezagutzeko ate irekien jardunaldia antolatu dute abuztuaren 17rako
Erdi Aroko ermita honen barnean aurkitu zuten Oiassoko nekropolia edo hilerria
A. Urbieta
Donostia
Igandea, 10 abuztua 2025, 18:35
Xantalen Eguna dela eta, haren izena daraman ermita ezagutzeko aukera eskainiko du datorren asteburuan Irungo Oiasso Museoak, ate irekien Jardunaldia ospatuko baitu abuztuaren 17 igandean. Santa Elena Konstantino lehen enperadore kristauaren ama izan zen Xantalen eta tradizioz arkeologiaren zaindaritzat hartzen da. Ermitara hurbiltzen direnek 2.000 urteko historia daukan lekua deskubritu ahal izango dute.
Izan ere, Erdi Aroko Xantalen ermitaren barnean aurkitu zuten Oiassoko nekropolia edo hilerria. Zenbait ontzi aurkitu dira bertan, barruan hautsekin, hileta ostilamenduekin batera, esate baterako, zeramikazko ontziak, acus crinalis edo ilerako hezurrezko orratzak, eta fibulak, aurkitutako piezetako batzuk aipatzearren.
Objektu bikainen bildumak ditu barnean, okupatzaileek zuten bizi mailaren erakusgarri, Atlantikoaren bazterreko erromatar hirietako hiri giroen oso parekoak, hain zuzen.
Hilobiekin batera bi eraikinen zimenduak ere aurkitu zituzten, mausoleotzat hartu zirenak. Haietako bat, neurri handiagokoa, Guillermo Sancho, Akitaniako Dukeak berrerabili zuen X. mendean tenplu kristau gisa, aldare bat jarrita. Gune horren erlijio erabilerari eutsi zaio gaur arte, egun ikus daitekeen ermitaren eraikuntzarekin.
Sarrera librea eta doakoa
Abuztuaren 17an, goizeko 10:00etan zabalduko dira ermitaren atean eta 20:00ak bitartean izango da sartzeko parada. Sarrera librea eta doan izango bada ere, edukiera mugatua izango da.
Horrez gain, bezperan, abuztuaren 16an, ere zabalik izango da ermita, 10:00etatik 14:00etara bitartean, bertan Alde Zaharra-San Juan auzo elkarteak eskatutako meza ospatuko baita. 11:00etan izango da ospakizuna.