Ustarroz eta Leizaola gogoan izan dituzte Uharte Arakilen
Aralar Mendi elkarteak abuztuaren azken igandean antolatzen duen Artzain egunaren baitan izan da errekonozimendua
Artzainak, ardiak, gaztak, Idiazabal jatorrizko izendapena... Jose Mari Ustarrozen bizitzan esanahi berezia izan zuen artzaintzak eta honekin lotutako guztia. Ezin da ukatu, honen alde irekitako bidean nafarra zutabe garrantzitsua izan zela azken harmakadetan. Maiatzaren 29an zendu zen Ustarroz 85 urte zituelarik lan ugari egin eta gero, 'artzainen ofizioari duintasuna emateko«. Lau urte lehenago utzi zion Idiazabal Gazta Jatorri Izendapeneko presidente izateari bertan, 17 lehendakari izan eta gero. Bere lankideek beti goraipatu dute bere »konpromezua, indarra, dedikazio eta eskuzabaltasuna« euren proiektua aurrera ateratzerakoan.
Gaur, Uharte Arakilen egiten ari den Artzain eguneko gazta lehiaketari izena aldatu diote: Jose Mari Ustarroz Nafarroako latxa ardien esne gordinaz egindako XLIV. gazta lehiaketa izan da eta Julen Arburuak ekoizten duen Infernuko Gazta suertatu da aurtengo irabazle. 44. gazta lehiaketa izan da goizean zehar egin direnen artean ospetsuena. Enkantean, gazta irabazlea 4.950 euroan saldu da eta Jamones Romerok erosi du, eliz atarira eraman behar izan den enkante batean, euriagatik.
Bigarren saria Egozkueko Loperena Gaztandegiko gazta batentzat izan da eta hirugarrena berriz, Arruazuko Albi gazta batentzat.
Aralar Mendi elkartetik gogoratzen zuten bezala, «Ustarroz beti egon da Artzain Egunaren antoalkuntzan. 1968an hasi ginen antoaltzen egun hau Uharte Arakilen eta bera beti egon da lanean», gainean hain ezaguna den euskal artzain txakurraren lehiaketako bultzatzaile nagusia izan dela aitortzen dute ezagutu zutenek. «Artzain txakur arrazaren defendatzaile sutsua izan da beti, baita ardi esne gordinarekin egindako gaztarena».
Gaurkoan, Nafarroako Gobernuko den Aierdi izan da Uharte Arakilen Usatrrozi egindako omenaldian. Esan duenez, merezitako errekonozimendua izan da, «Jose Mari Ustarroz oso pertsona maitatua da sektorean, Idiazabal Jatorri Deiturako presidentea ia bi hamarkadatan, Aralarko San Migel Kofradiako lehendakaria eta duela 57 urte sortu zen Uharte Arakilgo Artzain Egunaren bultzatzailea».
Leizaola ere omendua
Jose Mari Ustarrozi egindako omenaldia ez ezik, Fermin Leizaola omendu dute ere Uharte Arakilen, «Artzai Egunarekiko izan duen konpromisoagatik eta artzaintzaren inguruan lan etnografikoa egin du». Leizaola, Ustarroz baino egun batzuk beranduago zendu zen, ekainaren 16ean zehazki. Fermin Leizaola Donostian jaio zen 1943an. Aranzadi Zientzia Elkartean aurkitu zuen bere bidea ikerketaren bidez Euskal Herriaren garapena eta ezagutza zientifikoa bultzatzeko. Etnografoa ezaguna, Euskal Herrian artzaintza ikertzen eta jarduera horrekin lotutako milaka pieza biltzen eta dokumentatzen jardun zen. Uharte Arakilgo elakrteak gaurko festa handian Fermin Leizaola saritu nahi izan du, urte askotan epaimahaikide izan zelako bertako gazta lehiaketan.
Hirugarren omendua ere izan da Nafarroako Artzain egun honetan. Nafarroako artzain txakurren 56 edizioetako 22 txapel lortu dituen Antonio Alustiza aresoarra omendu baitute ere, «egun honetako beste handietako bat bihurtu da».